Belokiren istripuan zegoen udaltzaina: "Bertan geunden agenteok ez genuen alkohola hartu izanaren zantzurik ikusi"

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 7a, 10:04

Elkarrizketa egin diote Radio Euskadin Maite Gonzalez udaltzainari, Maider Beloki kultura zinegotziaren istripua artatu zuelako. Proba egiteko agindurik jaso ez zutela ziurtatu du, bai eta agenteen jokabidea "primerakoa" izan zela ere.

Bi adineko harrapatu zituen Maider Beloki kultura zinegotziak hilaren 31n, San Silvestre lasterketako sariak banatu ostean. UPNk, PPNk eta PSNk jo-puntua jarri dute Udaltzaingoaren jarrera eta etilometria azterketarik egin ez izana. Gonzalez udaltzainak erantzun egin ditu auziaren inguruan esandakoak. Eta oharra gaineratu du: bi adinekoak pasa behar ez ziren toki batetik pasa ziren. Gaizki gurutzatu zuten kalea.

"San Silvestreko postutxoa zaintzen ari nintzen, deitu egin zidaten, hesi batzuk jarri nituen eta korrika abiatu nintzen istripuaren gunera. Bi adineko zeuden aulki batean eserita, eta ez zioten anbulantziari deitu nahi, nik konbentzitu behar izan nituen". Gertakariaren xehetasun guztiak azaldu ditu.

Azkenean, ospitalera joan zen harrapatutako emakumea, gerrian fisura bat baitzeukan. Eta gizonak lagundu egin zion, udaltzainek eurek bertaraino eraman ostean.

Gonzalezek jakinarazi dutenez, zauritutakoak artatzen ahalegindu ziren, eta alkoholemia probarik ez zuten gauzatu, beharrezkoa ez zela iritzita. "Gogorarazi behar dut indarrean dagoen estatu mailako araudiaren 21. artikuluak dioela agenteek eskumena dutela etilometria egin behar den edo ez erabakitzeko", esan du. "Primerakoa" izan zen udaltzainen portaera, Gonzalezen irudiko.

Nola filtratu ote da?

Zalantza airean utzi du Gonzalezek, Euskadi irratian egindako elkarrizketan: zeinek kaleratu ote du auziaren inguruko informazio hedabideetan? Datu argigarri bat eman du, gainera. Polo auziaren instruktorea izan zen atestatua jaso zuena, eta bulegoan zegoen bakarra. Hark jaso zuen txostena. Aho bizarrik ez du izan Gonzalezek epaia ematerakoan: "Hau [sorturiko polemika] mendekua da Polo auziarengatik".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!