Alkoholemia proba egiteko "bat ere arazorik" ez zukeela esan du Maider Belokik

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 5a, 10:22

Argazkia: Joseba Asiron alkatea eta Maider Beloki kultur zinegotzia, Sanferminetako egitarauaren aurkezpenean.

Autoarekin bi adineko harrapatu zituen kultura zinegotziak iragan ostegunean, San Silvestre lasterketako sariak banatu ostean. Udaltzainek ez zioten probarik egin; azalpenak eskatu dituzte UPNk, PPk eta PSNk.

"Ez nuke bat ere arazorik izanen alkoholemia proba egiteko". Irmo mintzatu da Maider Beloki kultura zinegotzia, ezbeharraren berri emateko deituriko prentsaurrekoan. Hautsak harrotu baitira. Izan ere, alderdi erregionalistek Bilduren kontra jo dute istripua medio. Belokik, baina, Udaltzaingoko kideek probarik eskatu ez ziotela azpimarratu du, bai eta berak egin behar zuenik ez zekienik ere. Berez, Udaltzaingoaren protokoloan jasota dago auto istripu bat duen edozeini egin behar diotela azterketa etilikoa.

San Silvestre lasterketaren osteko uneak ziren. Hilaren 31, ostegunarekin. Kultur zinegotzi jardunean aritu zen Beloki sari banaketan, eta gero gertatu zen harrapaketa. Aparkalekutik ateratzeko atzera-martxa sartu, eta orduantxe egin zuen talka adineko bikote batekin. Emakume bati fisura eragin zion gerrian eta ospitaleratuta dago orain; beste lagunak belaunean hartu zuen mina.

Erregionalistak, mesfidati

Herritarren Segurtasun sailerako zuzendari Xabier Ibañezek ziurtatu du aztertu eginen dutela zer dela eta ez zuten jokatu udaltzainek protokoloak agindu bezala. Txosten bat gauzatzeko eskatu du. Dena dela, zehaztapena egin du:"Agenteek badute eskumena proba egin ala ez egin erabakitzeko, ikusten dituzten zantzuetan oinarrituta". Belokiren kasuan, alkoholaren efektu pean egon zitekeen "inongo seinalerik" ez zuten ikusi, Ibañezen irudiko, eta horregatik ez zuten egin.

Jakinarazi dutenez, San Silvestre lasterketan zaintza lanak egiten ari ziren agenteetako zenbait izan ziren bertaratu zirenak. Diotenez, zauritutakoak artatzea "lehenetsi" zuten, proba egin beharrean; gainera, iturri ofizialen arabera, joan zen aurreneko udaltzainak ez zeraman etilometrorik une horretan soinean. 

UPN, PPN eta PSN kexu dira. Belokiren prentsaurrekoak "zalantza guztiak" ez dituela argitu salatu dute, agerraldi baten bidez. Gogorarazi dute, hari berari eutsiz, Elkarbizitza eta Segurtasun saila Aritz Romeoren (Bildu) esku dagoela, "mesede tratua" egon litekeela iradoki bitartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!