Azken asteotan jasandako eraso homofoboak salatzeko musukatze kolektiboa eginen dute

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 26a, 10:11
Argazkia: Aurreko urtean Iruñean egindako elkarretaratzea.

Bihar izanen da elkarretaratzea, Merkaderes kalean, 19:30ean, Lugatibe transmarikabollera asanbladak deituta, azkenaldian emandako erasoak salatu eta ikusarazi asmoz.

Orain dela bi aste eraso homofoboa pairatu zuten talde horretako kide batek eta haren bikotekideak. Kaldereria kalean izan zen, goizeko ordu batak aldera. Elkarri muxu ematerakoan hasi ziren mehatxuak eta isekak.

Mutil gazte bat izan zen iraintzen hasi zitzaiena beste gazte talde batekin zelarik. “Muxu ematen segitu genuen, gure kolektiboko kide gehiago inguruan genituela. Ez dugu halako erasoen aurrean lotsatzeko edo burua makurtzeko asmorik. Gure sexualitatea modu askean bizi dugu, bai etxean baita kalean ere, zenbaitek onartzen ez badute ere”, azaldu dute erasotuek.

Lugatibetik erasoen aurkako protokoloa eratzeko asmoa ere nabarmendu du.

Biharko mobilizazioaren inguruko oharra eman du argitara:

Azken bi asteetan talde sozialek bi eraso homo/bi/les/tran-fobo salatu ditugu publikoki, gaindituta dirudien errealitate bat, baina argi geratu den moduan gaur egun oraindik existitzen den errealitate bat. Gertakari hauek oraindik gure gizartean daude, bai kaleetan, etxeetan edota instituzioetan,  hezkuntza, bizileku zein gainontzeko zentroetan.

Orientazio sexual eta identitate generoarekiko gorroto delituak oraindik lehenak dira gorroto delituetan Euskal Herrian. Asko dira ezagutzen ez diren erasoak, ez direlako salatu edo administrazio kontuengatik kontatzen ez direlako. Argi dago ezkutuan gelditzeak ez duela esan nahi errealitate bat ez denik. Ez da lehen aldia hau gertatzen dena, ezta azkenekoa ere.

LGTBfobia ez dago adinean oinarrituta, pertsona homofoboz osatutako talde imaginarioa gizon kontserbadore heldu bat delakoan egon arren, azken bi kasu hauetan nerabe batzuk izan dira erasotzaileak. Azkenaldian, talde feministek gazteen artean sexismoa eta homofobiaren areagotzea salatzen ari dira, eta hau hezkuntza sistema eta gizartearen akatsen ondorio da.

Hau hemen gertatzen ari da, Iruñeko alde zaharrean. Ez da urrun gertatzen den zerbait, zure auzoko eskolan, plazan, blokean, adiskide taldeetan gertatzen ari da. Ez dezagun utzi horrelako zerbait gerta dadin. Ez gara ezkutatuko, ez dugu burua jaitsiko, elkar muxukatzen, laztantzen, txortan egiten jarraituko dugu eta garen moduan azalduko gara.

Gizarteak erantzun dezala eskatzen dugu,benetan LGTBfobiaz libre dagoen Iruñea nahi dugu! Horretarako, LUGATIBEko kideok protokolo bat egingo dugu horrelako erasoei aurre egiteko. Kaleetan jarraituko dugu, manifestatzen, ikustarazten eta oihukatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!