Hauteskundeak 2015

Laura Perez: "Azken erabakia Nafarroan hartuko dugu"

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 20a, 15:43

Podemos-Ahal Dugu alderdiaren foru presidentegaiak dio bere konpromisoa dela bere alderdian Gobernua osatzeko negoziazioetan azken hitza Nafarroako batzarrak edukitzea.

Laura Perezen aburuz, Nafarroan aldaketa lortzeko abagune historiko baten aurrean gaude. Gobernua eratzeko negoziazioetan, gakoa programan egonen dela dio: herritarren erreskatearekin, alfonbrak altxatzearekin, etxe kaleratzeak gelditzearekin bat egiten duten guztiekin akordioak lotzeko prest dago.

Hona hemen Metropoli Forala saioan egin diogun bideo-elkarrizketako zenbait pasarte:

Hilabete gutxitan Izquierda-Ezkerrako militante izatetik Podemoseko zerrendaburu izatera igaro zara. Zergatik?

Ni independente moduan sartu nintzen IUn, gustatzen ez zitzaizkidan gauzak barrutik aldatzen ahalegintzeko, baina pazientzia berehala agortu zitzaidan, ikusi nuelako gizartean oso aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari ziren bitartean IU ez zela aldatzeko gauza. Podemosen ezkerraren muga zaharrak gainditzeko gaitasuna ikusi nuen, ordura arte politizatu gabeko jendearengana iristeko gaitasuna, eta iruditu zitzaidan jada politizatuta geundenok prozesu horretan lagundu behar genuela. Fidela naiz, baina ez siglekin baizik eta ideiekin.

Izquierda-Ezkerrak hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko gonbita egin zizuen, eta ezetz erantzun diozue. Zergatik?

Podemosek ez dio ezetz esan Izquierda Ezkerrari. Kontua da Podemosek ezin duela koaliziorik egin arinki. Podemosen barne arautegiaren arabera, horretarako oso baldintza zorrotzak bete behar dira: primarioak egin behar dira, hautagaiek kode etikoa bete behar dute, haien diru sariak mugatu behar dira, karguan eman dezaketen denbora ere bai. Beste alderdiek ez dituzte baldintza horiek betetzen.

Geroa Baik dio balizko gobernu alternatibo batean Uxue Barkos dela sostengu gehien pila dezakeen hautagaia. Zer deritzozu?

Uxue Barkos oso hautagai ona da, oso pertsona jatorra. Baina bere atzean daudenek beldurra ematen didate. Bere atzean Manu Aierdi dago, EAJ dago, eta haiekin zenbait neurri ekonomiko eta sozial adosteko arazoak izan daitezke.

EH Bildurekin Gobernua osatzeko akordioak lotzeko prest al zaudete?

Guk akordioak programaren gainean egin nahi ditugu. Eta edonorekin egiteko prest gaude. Herritarren erreskatea egin nahi dugu, zergaren auditoria egin nahi dugu, etxe kaleratzeak gelditu nahi ditugu… Ez da oso azkarra izan behar akordioa norekin lotu dezakegun aurreikusteko.

Eta Madrilgo zuzendaritzak zuen erabakia onartuko ez balu? Iglesiasek jada aurreratu du EH Bilduk indarkeria gaitzetsi beharko lukeela.

Indarkeriarena guk lehendik esana genuen, eta Sortuk bere estatuetan indarkeria arbuiatzen du. Ez dut uste Madrildik gure erabakien kontra eginen dutenik. Baina hala balitz, eta Nafarroako hitzarmenak Estatu osoko jarraitzaileen artean erabaki nahi izanen balute, nik erabaki hori Nafarroako batzarrera eramanen nuke, eta Nafarroan erabakitakoa eginen lehenetsiko nuke.

Iruñeko udal hauteskundeetan, Aranzadiri eman diozue sostengua, baina erabaki horrek tira-bira handiak eragin ditu alderdiaren barruan.

Polemika ez da izan Podemosen barruan. Talka egin dutenak ez gara gu izan, baizik eta udal hauteskundeetara aurkeztu nahi zuten hautagaitzak. Ez dira bat egiteko gauza izan. Batzuek ez zuten betiko alderdiekin joan nahi. Eta besteek ez zieten betiko siglei uko egin nahi. Guk bai. Gu betiko siglak, alderdiak, egiturak bazterrean uztearen aldekoak gara, eta horregatik egin dugu Aranzadiren alde.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!