Sanferminak Berdintasunean plataformaren eskariari jarraiki Emakumearen Udal Batzordeak adierazpen bat onartu du. Erabat gaitzesten du sanferminak erakargarri egiteko irudi sexisten erabilera. Batzordeak uste du halako iragarkiek emakumeak arriskuan jar ditzaketela eta Sanferminez berdintasunean gozatzeko aukera eragozten dutela.
Iazko Txupinazoan izandako sexu erasoen irudi bat erabili dute hainbat bidaia antolatzailek erakargarri gisa. Emakumearen Udal Batzordeak horren aurrean lehen erantzuna emateko elkarretaratzea antolatu du, “festak berdintasunean eta sexu erasoetatik libre ospatu ahal izatearen alde”. Iruñeko Udaletxe plazan eginen dute, bihar, 12:00etan.
Adierazpen bat ere onartu du Batzordeak iragarki horien aurka: “Komunikabideak, publizitateak eta bereziki Sanferminak iragartzeko iragarkiak berdintasuna errespetatu behar dute emakumearenganako inongo bereizkeriarik gabe eta ekiditen emakumearen gorputza erabiltzea erakargarri gisara”. Iruñeko Udaleko berdintasunerako teknikari Pilar Mayok iragarri du gaia aztertuko dutela, eta iragarkia erretiratzea eskatuko duela udalak.
Iruñeko peñak haserre
Iruñeko Peñen Federazioak esku hartzeko eskatu dio Iruñeko Udalari. Iazko sanferminetan sexu erasoen kontra abiatutako kanpaina gogoan izan du Federazioak eta kanpaina horren ostean udalak esku hartu ez izana deigarri egin zaio. Iruñeko Peñen Federaziotik ohartarazi dute erasoen irudiak erabiltzeak eta horien aurrean erantzun irmorik ez izateak ahalbidetzen duela urtero jaietan emakume ugarik erasoak jasatea. Salatu dute Iruñea legerik gabeko hiria delako irudia ematen dutela modu horretako iragarkiek.