Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia eginen dute apirilaren 25ean Anaitasuna Kiroldegian, 18:30ean. Eguna girotzeko hainbat plan antolatu dituzte. Besteak beste, bertso bazkaria eginen dute Julio Sotorekin, Alaia Martinekin eta Fredi Paiarekin, Anaitasunako jatetxean, 14:00etan. Txartelak 25 euroan dira salgai, eta honako leku hauetan eros daitezke: Karrikiri Euskal Denda, AEK-ko Irrintzi eta Iruñezar euskaltegietan eta IKAren Campion eta Sahats euskaltegietan.
Informazio gehiago eskatzeko zein erreserbak egiteko, mezua bidali daiteke euskarazbizinahidut@gmail.com helbidera. Kontseilutik aurreratu dutenez, "aldaketa garaia da eta euskarak Nafarroan aurrera egingo badu beste hizkuntza politika batekin izango da, hizkuntza politika berria eta eragingarria behar du euskarak". Apirilaren 25ean, Anaitasunan politika horren oinarriak zeintzuk izan beharko luketen azaltzeaz gain, orain arte egindakoak eragiten digun harrotasuna plazaratu nahi du Kontseiluak.