#ap25nahitasuna

Sindikatuek euskararen normalizazioa eskatu dute Kontseiluarekin batera

Euskalerria Irratia 2015ko api. 9a, 15:01

Kontseiluak apirilaren 25an egingo duen ekitaldiarekin bat egin dute ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, EHNEk eta CGTk. Iruñeko Anaitasunan izango da, 18:30ean.

Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekitaldia eginen dute apirilaren 25ean. Kontseiluak deitua du ekitaldi hori. Euskaraz bizitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko bultzada beharrezkoa dela uste du Kontseiluak. Euskarak Nafarroan aurrera eginen badu beste hizkuntza politika batekin izanen dela. Hizkuntza politika berria eta eragingarria behar du hortaz, euskarak.

Apirilaren 25ean, Anaitasunan politika horren oinarriak zein diren azaltzeaz gain, orain arte egindakoak ere plazaratuko dituzte bai eta, norbanako bakoitzak aurrera egiteko hartuko duen konpromisoa erakutsiko ere.

Kontseiluak antolatutako ekitaldia da Anaitasunan ospatuko dena. Ez da bakarrik izanen ordea. Egunetik egunera gero eta atxikimendu eta babes handiagoa jasotzen ari da. Lan eremutik iritsi zaizkio gaur bat egiteak. ELA, LAB, ESTEE-EILAS, EHNE CGT eta ESK sindikatuek nabarmendu dute, euskaraz bizitzeko lan eremuak ere euskaldundu behar direla. Anaitasunan langileek aldaketari bultza egitera joan daitezen deitu dute.

Lan eremua euskaldundu

Alor sozio-ekonomikoan euskaraz bizitzeko zailtasunak asko direla ohartarazi dute. Nafarroan ez da plangintzarik abiatu alor sozio-ekonomiko horretan egoera normalizatzeko. Horrek zer eragin sortzen du? Erabiltzaileek zerbitzua euskaraz jaso nahi izatea, baina aukera hori ez ematea. Eta bestetik, horrek sortzen dituen barne gatazka eta egoera desatseginak euskaraz bizi nahi duenaren kalterako izaten dela. Oztopoak asko dira, baina, sindikatuetatik gainditzen jakin behar dela nabarmendu dute sindikatuek.

Euskararen normalizazioa lortze aldera hitzordua egin du Kontseiluak apirilaren 25erako Anaitasunan. Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, Nafarroan normalizazioa lortzeko eman beharreko pausoak markatuko dituzte. Herritarrak deitu dituzte parte hartzera eta gainerako erakundeei bat egiteko deia egin diete.

Kontseiluak apirilaren 25an eginen duen ekitaldiarekin bat egin dute ELAk, LABek, Steilasek, ESKak, EHNEk eta CGTk. Iruñeko Anaitasunan izango da, 18:30ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!