Nafarroako Erriberan 105 kilometro eginen ditu Korrikak. Milagro, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Cabanillas, Ribaforada, Ablitas, Cascante eta Tutera ariko dira lasterka euskararen alde. Erriberako herri horietan gainera ekitaldi kulturalak ere antolatu dituzte Korrikaren bezperan.
Milagro izanen da Nafarroako Erriberako lehen herria Korrika hartuko duena. Martxoaren 26ko goizaldean igaroko da 4:43an. Eguerdian iristekoa da Tuterara 12:21ean eta Caparrosora bidea hartuko du. Antolatzaileek ohartarazi dute Erriberatik goizaldean pasatzeak arazoak sor ditzakeela eta jendea beharko dela baina, erronkari aurre eginen diotela ziur dira.
Korrikak ibilbide berria du aurten. Duela urte asko bisitatzen ez zituen herriak zeharkatuko ditu oraingoan: Cabanillas, Fustiñana eta Ribaforadatik esaterako duela 30 urte ez zela pasatzen.
Ekitaldi kulturalak martxoan
Erriberako herrietan martxoan antolatu dituzte ekimen kulturalak. Tuteran hilaren 26ra arte argazki lehiaketa izanen da. Parte hartzeko AEKn izen eman behar da. Martxoaren 14an gainera bazkaria antolatu dute eta baita kontzertua ere Musikharian eta NX proiektua taldeekin. Martxoaren 24an Euskararen gutxienekoak dokumentala ikusteko aukera Tuterako Ruan izanen da 19:30ean. Iñaki Lasa dokumentalaren gidoilariak emanen ditu azalpenak egindako lanaren gainean.
Castejonen martxoaren 21ean izanen dira Korrika txikia eta bazkaria. Villafrancan hilaren 26an Gazteriaren plazatik 17:30ean eginen dute Korrika txikia; ondoren izanen dira txistor jatea, haur jokoak eta kanta herrikoiak abesteko tartea. Citruenigon ere izanen da Korrika festa. Goizeko hamaiketan Korrika txikian parte hartzeko deia egin dute, gero gaitariekin herrian barna ibiliko dira eta herri bazkaria ere antolatu dute. Murchanten herri kirolak eta erraldoiak izanen dira hilaren 11an.