Urte amaierako mezua

Erabiltzailearen aurpegia Bidatz Villanueva 2025eko abenduaren 30a

Urte amaierako mezua

Iritsi gara beste urte baten amaierara. Irriz eta algaraz beteko dira etxe asko, baina tristuraz eta nostalgiaz beste hainbat. Badira bukaera honek gaixo topatuko dituenak, edo bakarrik, edo ospatzeko aukerarik gabe, bizitza bera ukatzen baitzaie. 

Duela urte batzuk postmodernitateaz hitz egiten genuen, garai likidoez, Zigmun Baumanek deskribatu zuen bezala. Egia absoluturik ez dago, dena da iheskorra, materiala denak galdu du lehen zuen garrantzia, eta ideia erlatibisten munduan bizi gara. Orain, badute bozgorailua errealitate objektiboak ukatzen dituztenek, negazionistek alegia, eta egia beti ezbaian jartzen den gizartean, gero eta baliabide gutxiago dituen jendearengan, ezinegona areagotzen ari den honetan, gezurrek inpaktu handiagoa dute jendearengan. Sumintasun eta ezinegon horri erantzuna ematen diote, pertsonon egoa baretzen dute, eta, aldi berean, gizarte etiko bat gidatu beharko luketen balioei muzin egiten diete, hala nola solidaritatea, enpatia edo errespetua. Baliook, beharbada, sakrifizio handiagoa eskatzen diote norbanakoari, hausnarketa sakonagoa, gure ezinegonaren errudun bezala gu baino zaurgarriagoak direnak ez seinalatzea. Baina zein gizarte mota bilakatuko gara horiek ahazten baditugu?

Eta gizartearen noraezari erreparatzen diodan aldi berean, badira itxaropenerako argiak; infinituak, erranen nuke. Lehen lerroan guztion eskubideengatik borrokatzen dutenak, eta bigarrenean horiek haspotzen dituztenak, euskararen alde lehen apustua egiten ari diren nerabeak, barnera heltzen zaigun 24. korrikaren abestia, euskal kultura elikatzen duten eta hura berrasmatzen dutenak, eta tradizioari ere eusten diotenak, gure erreferenteak ez baititugu galdu behar… Eta beste asko, tarte honetan kabitu ezin zaizkidanak. 

Gauden unean gaudela, eta jakinda beti ez direla garai samurrak urteko azken egun hauek, badaude aitzakiak geroari itxaropenez begiratzeko, eta, orain ez bada, aurrerago, indar horiek hel dakizkizuen opa dizuet. Dajlatik Gazara, Xiberutikan Mendebaldera, eta Iruñerriatik Mundura. Laster arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!