Hainbat dira literaturak sortu eta gizarteak eguneroko hizkuntzara ekarri dituen pertsonaia literarioak, Robin Hood, Casanova edota Madame Bovary, esaterako. Horietako askok pantaila handira ere egin dute salto, eta ospe are handiagoa lortu; horra hor, kasurako, Agatha Christie-ren Poirot detektibea. Bada, pantaila handirako bide horri esker ezagutu nuen duela urte batzuk frantses literaturan dagoeneko oihartzun handia zuen lapur bat: Arsène Lupin. Kuriositate handia sortu zidan Maurice Leblanc idazle frantziarrak sortutako pertsonaiak, eta haren ingurukoak irakurtzeari ekin nion. Hala, besteak beste, zera deskubritu nuen: Marius Jacob izeneko frantses anarkista batek inspiratu zuela Leblanc Lupinen pertsonaia sortzeko orduan; beraz, Jacoben inguruko kontuei heldu nien.
Artikulu bakarrean batu ezin diren mila kontu irakurri nituen haren bizitzaz, baina batez ere batek eman zidan atentzioa. Antza denez, lapur-talde bat osatu zuen Jacobek XX. mende hasieran; Gaueko langileak zuen izena eta printzipio edo oinarri hauek zituen: inor ez hiltzea, norberaren bizitza babesteko edo poliziarengandik ihes egiteko ez bazen; gizarte bidegabe hura defendatzen eta sustengatzen zuten horiei bakarrik lapurtzea, hau da, enpresariei, epaileei, soldaduei eta elizgizonei; eta lapurtutako diruaren ehuneko bat borroka anarkistari eta premia gorrian zeuden kideei ematea. Ederrak estatutuak!
Horrek guztiak Euskal Herrira ekarri ninduen bueltan, Cascantera, hain zuzen. Izan ere, halakoak irakurrita, nori ez zaio Lucio Urtubia zena gogora etortzen? Ez dakit hark Lupinen tankerako pertsonaia literariorik emango duen, baina makina bat irakaspen utzi zizkigun.