Herria

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala

Aurrekoan, zera galdetu zidan lagun batek: “Aizu, Ibai. Gure diskurtso eta eguneroko hizkuntza-jardunean herri hitza asko erabiltzen dugu euskal komunitateari-edo erreferentzia egiteko orduan, baina hori zilegi da? Herri hitzak, berez, zer esan nahi du? Berba horren bidegabeko jabetzea egiten ari al gara?”. Galdera horien ondotik etorri zen eztabaidak luze jo zuen arren, ez genuen ados jartzerik lortu; garagardo botila hutsez betetako mahai baten bueltako gogoeta filosofikoak, badakizue. Baina biharamunean gogoan nuen oraindik bezperako lagunarteko solasaldi hura, eta gaiari lotutako aspaldiko irakurgai batzuk berrirakurri nituen; horietako bi ekarriko ditut gaur gogora. Lehenengoa, Iñaki Segurola zenak 31 eskutik talde-blogean idatzi zuen Herria izeneko artikulua da. Bertan, herri hitzak dituen hainbat adiera azaltzen ditu idazle eta hiztegigile gipuzkoarrak, baita toponimiari zein garai bateko idazleen idazkiei lotutako zenbait adibide eman ere, eta bukaera aldera hauxe dio: “Gero, bestalde, «herri bat» garela ere asmatu digute, indefinizioa bera dirudien hitz bati esanahi jakin homologatu bat emanez (‘etnia, nazioa’ edo) (...) Asmatzen hasi eta munstrotxoak asmatzen ditugu gaur”. Bigarrena, aldiz, Joseba Sarrionandiaren Hitzen ondoeza liburukoa da. Euskarazko hainbat hitzi buruzko idatzi laburrek osatzen dute liburua, eta zera dio herria hitzari dagokionez:  “Badira batzu, herriari buruz ‘herria’ boltsiloan baleramate bezala mintzo direnak. Eta egia izango da, agian, herria boltsiloan daramatela. Baina boltsiloan baldin badaramate, ondo txikituta, ondo zanpatuta eta ondo tximurtuta eramango dutela!”. Horra hor, entzule, herri hitzari buruzko bi gogoeta interesgarri, eta hemen azken enbidoa: zuretzat, zer da herria? 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!