Zure ondoan hil nahi dut

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2026ko apirilaren 17a

Eutanasiari buruzko artikulu interesgarria argitaratu zuen aurrekoan Berriak. Artikuluak, hainbat datu emateaz gain, kasu lazgarri bat agertzen zuen: eutanasia bi aldiz eskatu eta bietan ukoa jaso ondoren, bere burua hiltzea erabaki zuen norbaitena. Zera zioen artikuluan pertsona hari eutanasia eskatzen lagundu zion Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kideak: “Berak nahi ez zuen moduan hil zen, bakar-bakarrik”. Oilo-larrua gorputzean hedatzen sentitu nuen hura irakurritakoan, izan ere, kontua ez da soilik nola hil, baita noren ondoan ere. Horrek guztiak gure aitona zena ekarri zidan gogora. Hura ez zen bere erabakiz hil, gaixotasun batek jota baizik; baina bere azken egunaz akordatu nintzen. Ospitalean ingresatuta zegoen, nire izeba ondoan zuela, eta goiz-goizetik hasi zitzaion hari galdezka: “Ama noz dator?”. Amona eguerdirako helduko zela eta egoteko lasai erantzun zion izebak, baina jo eta ke galdera bera eginez jarraitu zuen aitonak goiz osoan, temati, gure amonaz galdetu eta galdetu. Halako batean, iritsi zen amona bazkalordurako, eta heldu bezain pronto hasi zitzaion bazkaria ematen aitonari. Baina barrenak ez zion gizonari azken otordu hura onartu, eskuarekin agur keinu bat egin zion amonari, eta hantxe hil zen. Gure amona noiz helduko zain eman zuen goiz osoa, eusten, azken arnasa haren ondoan emateko. “Zure ondoan hil nahi dut” esan zion, ez hitzez, baina bai egitez. Gogorra, bai; baina ba al dago hori baino maitasun keinu ederragorrik? 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!