Liderrak?

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2025eko azaroaren 21a

Hizkuntza eta hezkuntza hitzak bertso bereko oin hoskide izan daitezke; esaterako, honela errima genitzake: “zenbat eta gehiago / jorratu hizkuntza, / orduan eta hobea / izango da hezkuntza”. Gauza bera gertatzen da lider eta bider berbekin ere; adibidez: “hezkuntzan bat-batean / denok gara lider, / hala irakurri dut / horrenbeste bider”. Agian, Lazkao Txikiren sindromeak jota nagoela pentsatuko duzue, edo hurrengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako prestatzen. Bada, ez. Berezkoa dudan zoro-haizeaz harago, aspaldian hezkuntzako txosten zein formakuntzetan etengabe irakurtzen ari naizen “irakasleek liderrak izan behar duzue” esaldia da nire aztoramenaren errudun. Atzo arte bidelagun ginenok, lider izan behar omen dugu orain. Aitortu behar dut lider hitza irakurtzen dudanean mesfidantza sortzen zaidala. Agian, Lekunberriko musika-talde batek abestu ohi zuen “lider bat behar dugula dio liderra izan nahi duenak” esaldi haren eraginez izango da; edo kapitalismoarentzat logika eta eredu bertikalari forma emateko baliabide linguistiko gozo bezain perfektu bihurtu dela iruditzen zaidalako. Izan ere, liderra izatea erronka gisa agertu ohi da beti; ez da penitentzia edo zigorra, pulpitura igotzeko aukera baizik. Horrez gain, lider eta botere kontzeptuen arteko erlazio estuak ere ematen dit azkura, lidergoak boterea baitakar aldean, eta boterea dagoen tokian hierarkia dagoelako. Beraz, hori guztia aintzat hartuz, zera galdetu nahiko nuke: hezkuntzak, liderrentzako plaza baino, ez al luke liderrekin kritikoa izan behar?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!