Leloak gero eta eskuinerago

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala 2025eko urriaren 24a

Badira bigarren irakurraldi bat eskatzen duten testuak. Batzuetan,
testuaren konplexutasun linguistikoaren eraginez izaten da; bestetan, aldiz,
irakurri duzun horrek sortu dizun harridurak bultzatuta. Bada, bigarren hori
gertatu zitzaidan atzo irakurri nuen albiste honekin: “Ertzaintza atxilotuen
jatorriaren berri ematen hasi dela berretsi du Bingen Zupiriak”. Nola? Ea, irakur
dezadan bigarren aldiz, agian, hitzen batek ihes egin dit eta: “Ertzaintza
atxilotuen jatorriaren berri ematen hasi dela berretsi du Bingen Zupiriak”.
Akabo.
Berehala jo nuen X sare sozialera, gaiaren inguruan, zer iritzi ote zegoen?
Ezetz asmatu noren mezua agertu zitzaidan lehen kolpean? Bai, lagunok,
Santiago Abascalena. Zera zioen VOX alderdi ultraeskuindarreko buruak, zabal
eta harro, EAEn atxilotzen direnen jatorriaren berri emateaz: “Una nueva
victoria. Otro pequeño paso. Ahora frente al gobierno regional vasco. Gracias a
VOX sabremos el origen de los criminales”. Hara! Haien garaipena omen,
orduan.
Kuriosoak iruditu zitzaizkidan, bai Zupiriak, bai Abascalek erabilitako
argudioak edo leloak. Lehenak, erabakiak “gurera egokitu eta behar bezala
errotzeko ahalegina” egin duten 150.000 etorkinei mesede egingo diela zioen;
bigarrenak, aldiz, mugak ireki direnetik, hilketa larrienak biderkatu egin direla.
Bada, nire ustez, parean agertzen ari zaigun diskurtso ilun horren aurrean,
gero eta argiagoa da honako hau: gaur egun ikusi eta entzuten ditugun leloak
gero eta eskuinerago daude. Bigarren aldiz irakurriko dut hori ere, hobeto uler
dadin: gaur egun ikusi eta entzuten ditugun leloak gero eta eskuinerago daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!