Ba, ez! Ez! Sortzen Elkartearen ustez, familien eskubideek ez dute baliabideen
kudeaketarekin zerikusirik. Gure eskolak ez dira fabrikak, gure familiak ez dira makinak,
eta gure haurrak eta irakasleak ez dira zenbakiak, pertsonak baizik . Eta bai, badakigu
Legeak 25 ikasleen ratioa ezartzen duela, baina kasu honetan, 19-20 ikasleko lau gela
irekitzeari ateak itxi nahi dizkio Departamenduak.
Horrela, Departamenduak hiru familia Ezkaba Ikastetxetik kanpo utzi nahi ditu, eta 25
ikasleko hiru gela sortu nahi ditu datorren urterako. Gure ustez, Departamenduaren
erabaki hori zentzuzkoa ez izateaz gain, oso arriskutsua da, arrazoi ezberdinengatik .
Alde batetik, hiru gela horietan jardungo duten irakasleek jasoko duten arduraren tamaina
nolakoa izango den kalkulaezina da: 25 pertsona izango dituzte beraien kargu, 25
errealitate, 25 familia, 25 behar ezberdinekin. Bestalde, gela baten espazio fisikoan 25
pertsona sartu nahi ditu Departamenduak, horrek suposatzen duenarekin. Hezkuntza
kalitatearen murrizketa baten aurrean gaude, argi eta garbi.
Horregatik, bat egiten dugu Ezkaba Ikastetxeko Eskola Kontseilua aurrera eramaten ari
den kanpainarekin eta dinamikarekin, eta dei egiten diegu Iruñerriko gainontzeko
ikastetxeei elkartasun adierazpenak jorratu daitezen. Horien artean, Nafarroako
Hezkuntza Departamenduari zuzendutako instantzia bat prestatu dugu, Ezkaba Ikastetxean,
datorren urterako Haur Hezkuntzako lehenengo mailarako lau gela eskatuz. Bertako Eskola
Kontseiluak eskatu du, Ezkabako Hezkuntza Komunitateak beharrezkoa ikusten du
laugarren gela hori, orduan, Departamenduak ez luke arazorik jarri behar. Hor kokatzen
dugu, besteak beste, Hezkuntza Burujabetza. Era berean, Departamenduak ikasleen
onerako hartu beharko lituzkeen erabakiak gauzatzeko baliabideak edukitzea, hori ere
Hezkuntza Burujabetza da.
DEIALDIA: Ezkaba Ikastetxeko Eskola Kontseiluak deituta, KONTZENTRAZIOA.
Martxoak 31, ostirala, 13:30etan, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren aurrean.
INSTANTZIA- Eskaera
Nafarroako Hezkuntza Departamenduari zuzenduta.
Guk, ………………………………………….. ikastetxeko …………………………….. (guraso
elkartea ala Eskola Kontseiluak), …………………………. egunean egindako bilkuran,
Ezkaba Ikastetxeko Eskola Kontseiluak, Hezkuntza Departamenduari egiten dion
eskaerarekin bat egitea erabaki dugu, datorren ikasturterako, haur hezkuntzako lehen
mailarako, aurrematrikulatu diren 78 ikasle jasoko dituzten lau gela irekitzea alegia.
Planteatzen ditugun arrazoiak hauexek dira:
-. Kalitatezko lan pedagogikoa aurrera eramateko, irakasleei zein ikasleei begira, ahalik eta
ratio txikiena egotea garrantzitsua da. Horregatik ez dugu ulertzen Departamenduaren
erabakia, 25 ikasleko hiru gela irekitzea, alegia; ez dugu ulertzen, eta ez dugu bat egiten.
-. Modu berean, gelak, ratioaren mugan egoteak ez du ikastetxearen aurreikuspenetan
laguntzen, eta etorkizunean, leku arazoak sor daitezke, berriro.
-. Ikastetxeek izan beharko luketen autonomia, hezkuntza burujabetza, zalantzan jartzen ari
dira Departamendutik, ikastetxeen parte izan nahi duten familiei sarbidea ukatuz.
Horregatik, Nafarroako Hezkuntza Departamenduari honakoa ESKATZEN DIOGU:
-. 2017-2018 ikasturterako Antsoaingo Ezkaba Ikastetxean aurrematrikulatu diren 78 familiei
lekua ziurtatzea, haur hezkuntzako lehenengo mailan lau gela zabaltzea, alegia.
Data: ………………………………
Sinadura/kuñoa: