Eguerdiko 12etan, lan saio batean, gure ordezkari politikoak, Iruñea hiriko sarreretan dauden seinaletan, “Pamplona” ondoan, “Iruñea” jartzearen inguruan eztabaida sutsuan aritu ziren. Hiriko euskalgintzak egindako aldarrikapen-proposamena izan zen, euskarak behar duen agerikotasunean aurrerapausoak ematea helburua zuena. Iruñean oraindik, nahiz eta eskubidea izan, euskaraz bizitzea hautatu dugunoi, administrazioak, bigarren mailako biztanleak sentiarazten gaituzte.
Beste aldetik, arratsaldeko 4:30ean, Parlamentu berean, beste lan saio bat. Berriro gure ordezkari politikoak eztabaida sutsuan. Kasu honetan, 1986an onartutako “Vascuencearen Legea”, batzuen iritziz, aldatzeko, edota, beste batzuen arabera, bere horretan sakontzeko, proposamena mahaigainean. Azkenean, bozketa, alde. Buf! Eskerrak ! Ez geunden alde aterako zenik guztiz ziur, hala ere, aurrerapauso historikoa omen da...
Ikusten al duzue kontrastea? Eskubidez ari gara, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidez. Hil honen hemeretzian egingo den Nafarroako Parlamentuko plenoan, ziurrenik, aurrerapauso historikoa emango da. Baina, ziurrenik ere, egun horretan oraindik, Iruñea hiriko sarreretan, “Pamplona” soil bat irakurtzen jarraituko dugu, eta Iruñean bezala, beste hainbeste Nafarroako errepide, herri eta hirietan.
Sortzen Elkartearen ustez, aurrerapauso historikoak jendarteak ematen ditu. Kasu honetan, beste askotan bezala, politikariak jendartearen atzetik doaz, beti berandu. Honi, Nafarroako Administrazioan daukagun “panorama” gehitu behar diogu. Badirudi, “Euskara” hitzak, zenbait “politikari” nafartarrei, alergia ematen diela, eta hitz horren truke, “vascuencea” erabiltzen dute gaztelera hutsean ematen dituzten prentsa agerraldietan. Eta euskara eta hezkuntza elkartzen badugu, zer esan !!! Nafarroako Gobernuko lehendakariak horrela onartua, D ereduaren gorakadari oztopoak jartzeko helburuarekin, ingelera eskoletan ikasteko plan bat asmatu, eta nahiz eta baldintzak ez egon, presaka hedatu behar izan dute; gure haurrak, nafartar euskaldun eleaniztunak izatea ekidin nahi dute, kosta ahala kosta!
Zentzu horretan, eta azken aste hauetan argitaratu diren Hizkuntz-Maparen datuek horrela konfirmatu digute: hizkuntza batek, eskolaz gain, espazioak, iniziatibak eta planak. Euskarak, komunikaziorako hizkuntza bat den heinean, ikastetxeez gain, eremu publikoa eta etxekoa garatu behar ditu. Egoera honetan, D ereduak, datozen urteotan Nafarroan izango dituen erronkei behar den bezala aurre egiteko, Euskalgintzako zein Hezkuntzako eragileen elkarlana eta konpromisoa beharko ditu. Eta honekin batera, arduraz jokatuko duen Administrazioa ere, guztiz beharrezkoa izango dugu.
Laburbiltzen, ostegunean, azkenean, eta gutxitan gertatzen dena (bueno, azken aldian, inoiz baino gehiago) Nafarroako Parlamentuan nafartar gehiengoaren hitza eta nahia entzungo eta onartuko da, eta D eredua lurralde osoko haurren eskura egongo da. Hortik aurrera, Nafarroako jendartearen gehiengoaren hitza errespetatu beharko du Nafarroako Gobernuak, eta D eredua, eta euskara, ahalik eta txoko gehienetara zabaltzeko ahalegina egin beharko du. Bai, ez da erraza izango, eta aurrekontu eta plan bereziak egin beharko dira, bestelako “english”-ereduak zabaltzeko egiten diren bezalaxe, baina kasu honetan, aldez aurretik, emaitzak bikainak izanen direla, jakinda. Arduraz jokatzea eskatzen diogu Nafarroako Hezkuntza Departamenduari, ez da aitzakietan ibiltzeko garaia, alde batetik gehiengoaren nahia delako, eta bestetik, Nafarroako haurren etorkizuna jokoan dagoelako, eta joko horretan tranpetan ibiltzea onartezina da.
Bukatzeko, Sortzen Elkartea osatzen dugunon poztasuna lau haizetara zabaltzea besterik ez zaigu falta, eta bide batez, “Vascuencearen Legearen Hormaren” kontra kolpeka jarraitzeko gogoa eta indarra biziberri zaigula jakin ezazue. Datorren urtean D ereduaren zabalpena hasiko da Nafarroa osoko ikastetxetan, eta horrekin batera, ziur gaude, Euskara errespetatuko duen Legea etorriko da, eta eremuak desagertuko dira, eta ... ongietorri!
Sortzenen izenean, Sergio Iribarren.