Politika orokorreko eztabaidek gehiago dute antzezpenetik politika errealetik baino. Hala ere, atzoko bilkurak aukera eman zuen legealdiaren eta gobernuaren jardunaren tenperatura hartzeko. Foto finko bat izan zen eta talde bakoitza ahal bezala azaldu zen kamera aurrean. PSNek sendo agertu nahi izan zuen. Nabarmendu zuten izurrialdia arduraz kudeatu dutela eta zentraltasun politikoan lortu dutela aurrekontua, akordioa gertu ikusten baitute.
Navarra Suma aldiz, bere baitan bilduta azaldu zen bunkerizatua, ezezko etengabean eta EH Bildurekin ezer adosteari bizkarra emanda. Ikusteko dago estrategia horrek fruiturik emanen dion etorkizunean.
Bi blokeen arteko banaketa horrek ordea, ez du ezkutatu gobernuari eusten dioten taldeen artean ere arrakala nabarmenak daudela. Euskararena da horietako bat. EH Bildu eta Geroa Bai tinko azaldu zirenen gobernuaren hizkuntza politikaren kontra eta batez ere, euskarak lan deialdietan duen balorazioaren inguruan, baina aldea dago soka tenkatzearen eta soka apurtzearen artean. Txibitek badaki hori eta horregatik lasai asko heldu zion atzoko debateari.