Beldurra

Erabiltzailearen aurpegia Ion Orzaiz 2015ko mai. 18a, 18:25

Izuaren diskurtsoa muturrera eraman zuen Jose Javier Esparza UPNko hautagaiak asteburu honetako mitinean. Hari esker jakin ahal izan genuen apokalipsia ate joka dugula nafarrok. Gure herrialdea suntsitu nahi dutenek erabaki omen dute elkarrekin lan egitea, ordena, oparotasuna eta bizipoza errotik erauzteko. Gure etorkizunerako funtsezkoak ei diren proiektuak bertan behera utziko dituzte, azken urteotako garapen ukaezina galgatu eta Erdi Arora itzularaziko gaituzte. Azak jan besterik ezinen dugu egin. Hiltzaileak goraipatuak izanen dira ekitaldi publikoetan, euskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da, hondakinen atez ateko bilketan parte hartu nahi ez dutenek isunak jasoko dituzte. Edo kartzelara zigortuko dituzte. Auskalo. Eta azkenik, Nafarroa bera suntsituko dute. Azukre koxkor baten gisara desegin.
Hori guztia, egungo erregimenari botoa ematen ez badiogu, noski. Hau da, UPNri, PPri edo PSNri.
Profezia hori irakurrita, internetera jo dut gaur goizean, apokalipsiaren zantzu gehiago topatuko nituela sinetsita. Eta topatu, topatu ditut batzuk, bai. Jendea arrastaka, oihuka, konortea galduta eta odoletan, batzu-batzuk. Esparzak aipatutako terroristen oldarraldia hasia zela pentsatu dut lehenbizi. Baina ez. Polizia uniformatuak ziren zibilak jipoitzen ari zirenak. Kasko gorriak. Ertzainak. Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan bildutako gazteak kolpatzen zituzten, eta zaharrak ere bai. Ekintzaile politikoak nahiz kazetariak. Indar berarekin eraso diete guztiei. Etsi-etsian, amorruak jotako piztiak bezala. Geroago, agerkari digital batean irakurri dut, berez, Esparzak bezperan aipatutako “terroristak” zirela lurrean odoletan zeudenak. Gorriak. Antisistemak. Komunistak. Morralla.
Eta pentsatu dut, niri behintzat, beldurra sorrarazten didatenak polizia horiek direla, eta ez lurrean eserita zeuden gazteak. Izu itzela sorrarazten didatela uniformedunek, bankuen etxegabetze aginduek edo zuri-beltzezko argazkietan agertzen diren politikari gorbatadunek. Egungo erregimenak ematen dit beldurra. Ez erregimena irauli nahi dutenek.

Beraz, Esparzak beldurraren mamua astintzeak irribarre meharra marrazten dit aurpegian. Bankuen, enpresaburu aberatsen eta militarren lagun minak aitortzen badu gu bezalako ezdeusen beldur dela. Ongi ari garen seinale. Ea maiatzaren 24tik aurrera susto handiagoa hartzen duen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!