Don Simon

Erabiltzailearen aurpegia Ion Orzaiz 2015ko urt. 28a, 14:58

Erori da azken aurreko pieza. Erretretarako korneta entzunda, atzera egin behar izan du alkatearen soldadurik fierrenak. Burdinezko sarjentu esaten zioten batzuek. Beste askori, ordea —eta konparazio zinematografikoekin segituz— Abel Ferrararen teniente ustela ekartzen zien gogora. Burdina, baina, materiale pisutsua da, eta sarjentua hondoratu egin da azkenik, ustel usaineko lokatzetan.
Mehatxuak, indarkeria, botere gehiegikeria, lan eskubideen kontrako delituak, elkartzeko askatasunaren kontrako delituak, diskriminazioa eta dokumentuen faltsutzea. Ustelkeriaren dekalogoa ematen duen zerrenda, berez, santu abizeneko militar honen zerbitzu orri distiratsua da. Eta hala ere, zazpi delitu horiengatik inputatua egonda, babesa adierazi diote Iruñeko azken bi alkateek: bai Yolanda Barcinak baita Enrique Maiak ere.

Akaso izanen da, Maia alkateak dioen bezala, gaizki-esaka ari garela eta ez diegula datuei erreparatzen. Egin dezagun, bada: udalbatzaren hiru gaitzespen; itxitako gaztetxe bat; ehunka makilkada txupinazoan ikurrina erakusteagatik; dozenaka indarkeria salaketa; 53 diziplina espediente, bere izaera bortitza salatzera ausartu ziren udaltzainen kontra; eta dimisio eskaeren zerrenda amaigabe bat. Hortxe, Barcinak eta Maiak “ereduzkotzat” jotzen duten kurrikuluma. Hala ere, ulertzekoa da: gehiengo osoen eta agintekeriaren mozkorraldi betean esandako hitzak ziren horiek, eta jakin badakigu ardo txarrarekin hartutako mozkorrek biharamun latza uzten dutela. Eta “Don Simon” oso ardo txarra da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!