Zuria

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko urt. 26a, 19:11

Zuria da esnea, irina, elurra, azukrea eta gatza. Eta baita, zuria da halaber, fluoreszenteen argia, idazten dugun folioaren kolorea eta gure begietako kornea.

Ahoko hortzak eta bitxiloreen petaloak ere zuriak dira, hain xuxen. Kolore horretakoa da, justu-justu, arroza, sagarrondoaren lorea, Artikoko artzaren larrua, eta andana bat kulero, atorra eta galtzontzillo.

Aizue, maindire gehienak ere kolore zurikoak dira; etxe, frontoi eta ospitaletako horma ugari zuri kolorekoak diren bezalaxe. Era berean, yogurra, lantxurda, ezkontza-tradizionaleko emaztegaien jantzia, hodei mordoa, gaztanbera eta beste zuriak dira, uso batzuen antzera… “Urzo zuria errazu, nora joaten zaren zu”…

Zuria da, argi eta garbi, kolore guztien artean argiena eta garbiena; nahiz eta, fisikaren aldetik, eta bitxia bada ere, zuria ez den berez kolore bat, bera eguzki-argiaren espektroan ageri ez delako. Orduan bada, zuria ez da ortzadarreko zazpi osagaietako bat, zazpi dira-eta ortzadarreko koloreak. Horren harira, beltza ere, zuria bezala, argi eta garbi, ez da berez kolorea. Bata eta bestea, izan ere, argi ikusgaiaren bandako izpi guztien baturak sortutako efektuak baizik ez dira.

Zuria, bestalde, nagusigoaren eta garbitasunaren gorengo adierazlea da. Zuria purua da, ona, zintzoa. Eta hark errugabetasunaren ideia dakar berekin. Parte onekoa da, beraz. Aingeruen eta haurren kolorea da, haien xalotasuna dela kausa. Kolonbiako eta FARK-en ordezkariak, hain xuxen, zuriz jantzita zeuden Kubako negoziazio saioetan.  

Kontrara, beltza zikina da, eta gaixtoek eta jende doilorrak erabili ohi dute. Ez, ez da parte onekoa. Horrexegatik, nola jende zuriak Jaungoikoa zuri irudikatu zuen, haien irudi eta antzaren arabera, arraza zuria gailentzen zaie gainerakoei, arraza beltzari gehienbat. Azken hauek, funtsean, ilunaren seme-alabak dira, hots,  Beltzebu beltzaren ondorengoak.

Baina beltz guztiak ez dira ikatzak, ez zuri guztiak irinak. Hala, zuriak, pertsonez mintzatzerakoan, faltsua dela esan nahi du, losintxaria, balakaria. Eta zurikerietan ibili da berrikitan, hain xuxen, Sevilla futbol-elkarteko presidente zuriketaria, haren ekipo-zale batek Sadarren erakutsitako pankarta iraingarria zela eta. Hark, dakigunez, zurigarri diren ele zuriak besterik adierazi zuen, zertarako eta futbol-zale horren jarrera nazkantea zuritze aldera. Bai noski, zuri guztiak ez dira irinak, beltz guztiak ikatzak ez diren bezalaxe.

 

 

 

  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!