Baratzea

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2016ko aza. 9a, 18:17

Behin batean, Paradisuko Baratze liluragarrian, marrubi heldu landare errenkada artean solasean zeudela, ondorengo galdera egin zion Evak, nori eta Egile Txit Prestu, Saindu eta Ahalguztidunari:

–Ai, ene kutuneko kreatzailea, arazo larria daukat, hagitz larria.
–Zer arazo dun ba, Eva?
–Badakit berorrek sortua naizela; eta, halaber, itxura bateko zein bertzeko animaliez, landarez, zuhaitzez, harribitxiz eta abarrez beteriko baratze xarmant hau eman didazula gozamenerako. Horra, konparazione, leka, baba, aza eta porru polit eder horiek, hala nola tipulen artean barrez lehertzen narraska dabilen suge zirtolari hori, zeinarekin, egiatan, jostetan aritzen bainaiz aldika hagitz gustura. Aitzitik ere, ene kreatzaile onesgarria, ai!, ez naiz zoriontsua.
–Nolatan dun hori, Eva, ez haizela zoriontsu hainbertze piper, mertxika, azenario, piku eta espinaka artean? Ezin liteke hori!
–Bai, halaxe da. Bakarrik nago, ene Kreatzailea. Eta, gainera, gogait eragiten dit hainbeste sagar jateak. Pentsa beza berorrek: sagardoa edatea bera ere, ez dut batere atsegin. Katu-txiza deritzot edari nazkante horri.
–Orduan bada, ene Eva maitea, ba… gizonki bat sortuko dinat hiretzat, bai horixe!
–Eta, erranen al dit berorrek zer ote den gauzaki hori, “gizonki” delako hori?
–Entzun, adi, Eva, ene polita! Gizonkia, gehienbat, izaki akastun, gezurti, tranpati eta harroxkoa izanen dun; baina tarteka, dena errate aldera, algaran ibiliko haiz harekin, zeren eta, hark izanen baitin… Tira, utz dezagun kontu hori! Dena dela, hi baino kementsuago eginen dinat… eta xinpleagoa ere bai, arras xinplea.
– Oh, ai ene! Zeinen ongi! Iufa-iufa! A zer nolako berri ona ematen didan berorrek? Eta, bidenabar, badago jakiterik, dakigunaz landa, zer-nolakoa izanen den delako gizonkia?

–Begira, Eva, gizonkia ehizan arituko dun maizenik, zer eta untxiak, basurdeak, oreinak eta mamutak akabatzen. Horrez gain, enbor gainean igota, enbor potoloak aizkora-ukaldiz mozten jardunen din, ero antzean. Horrez landa, gizonkiak, hamaika kideko talde bietan antolaturik, meloi tamainako esfera baten gibeletik emanen din denbora gehien lasterka batean; oihu, birao eta garrasiak egin bitartean.
–Ai, ene Kreatzaile Guztiahalduna, bere errana aditurik, dudak ditut ene baitan, zer onurarik erakarriko ote didan niri, delako izaki xelebre horrek.
–Lasai, Eva, ez kezkatu, hark egoki beteko dizkin bere eginkizunak. Bertzetik, egon lasai, hagitz azkarra ere ez dinat eginen, ezpada motza. Eta, gainerakoan, beti ibiliko dun liskarretan gainerako gizonkiekin, mutur-salda antzuetan. Laburbilduz, Eva, hire kideak zuhur jokatuko badin, hire gomendioak beharko ditin. Hura hain izanen dun eskasa!
–Zera, berorrek hala uste badu, atsegin dut proposamena. Ai, bide batez errana, zeinen goxoak diren marrubi lirin hauek! Zer opari ezinago gozagarria mihi, eztarri eta ezpainentzat!
–Goxoak dira, bai, alafede! Nolanahi den, Eva laztana, bete beharreko baldintza bat ezarriko dinat soilik. Gizonkia, justu-justu, handiusteko, berekoi eta nartzisista ikaragarri handia izanen denez gero, sinestarazi beharko dionan nik hura lehen-lehena egin nuela, eta gerora hi etorri hintzela –neuk ere sortua, prefosta–, baina beraren gorputz atal batetik aterata..., um!, demagun, saihets batetik…
–Neure burua saihets batetik sortua?! Bai zera ere! Azpizun edo solomotik sortua izanen banitz sikiera! Baina, berdin dio horrek, berorrek hala erabaki badu…. hala izan bedi, orduan!
–Eva, ene masusta eztitsua, oroit ezan nire errana, zeren eta, hau guztia emaztekion arteko sekretua dun, eta geuk bertzerik ez dinagu jakinen, gainera. Eta orain, inporta ez bazain, segi aitzurka egiten, lurra behar den gisa jorratzen, eskarola landatzeko sasoia heltzear delakoz. Segi, segi aitzurka ildoak egiten!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!