Hauxe da galdera: inoiz jasan al duzu, demagun, ezohiko infekzio edo gaitz larri baten ondorioz, 40 gradutik gorako halako sukar ikaragarri handia, zeinaren eraginez, besteak beste, hitz zentzugaberik esan dituzun, edo irudi harrigarririk ikusi dituzun, edo harritzeko moduko egoera baten protagonista izan zaren?... Halako sintomak izan badituzu, hau da, jasandako sukar-ametsa dela kausa, adibidez –aizu, adibide bat baino ez da– noizbait ikusi baduzu zeure burua amodioa egiten, norekin eta, jo dezagun, Francisco Maruenda eta Eduardo Inda kazetari trebeekin, modu horretan oheko hirukote bat osatuz, orduan, orduantxe, zuk, Reyes, izan ere, ederki baino ederkiago badakizu, ongi jakin ere, zer esan nahi duen “eldarnio” izenak. Zeren eta, nik jarritako adibideak, muturreko delirioaren mendean egotearenak –bestela esanda, Maruenda eta Lindarekin batera halako ohe-festa imajinarioa egiteagatik–, bada, horrek argi eta garbi adierazten baitu gertakaria berez nahiko haluzinagarria dela, delirio hutsa, sukar-ametsa baino gehiago… amesgaiztoa. Tira, arestian aipatu ezohiko egoera hori, egia esan, askoz ere zoroagoa, deliranteagoa, haluzinagarriagoa izan zitekeen, baldin eta, esate baterako, Sergio Sayas parlamentaria ere egon izan balitz, aurreko bi mutikote horiekin batera, eromenezko (ohe)-patxanga horretan. Orduan, entzule preziatua, muturreko egoera hori, egia izatera betiere, eldarnio total gisa definitu beharko genuke. Bai horixe! Beno, hobeto pentsatuz, situazio orgiastiko hori, eldarnio bakarrik ez, hori, labur esanda, izu-laborria izango zen, hau da, beldur ikaraz haratago doan buru-desbideraketa erabatekoa. Edo ez, nork daki. Reyes, erantzun mesedez, inoiz jasan al duzu halako buru-nahasketa hain larria, halako eldarnio hain txoroa?