Aurreko urtean festak sortzeko prozesua abian jarri zenetik, Hegoakek arrisku murrizketa hurbildu zigun herrira, hausnarketa sortzeko asmoz. Iruñerria mailan eta bereziki Barañainen ere, herriko festak baloreetan oinarritzen hasi ginen eta hori dela eta, drogekin ditugun erlazioen inguruan ere zenbait jarrera aztertzea interesgarria zela pentsatu zuen elkarteak.
Honen harira, aurten Hegoakek Udaletxeko Gazte Teknikariarekin batera “Festetan nola gozatu eta zaindu” kanpaina sortu du. Kanpaina honen helburua izanik herri mailako jende guztiarengana zenbait hausnarketa zabaltzea; bai ostalari, komertzioetako langile eta jende helduari zuzenduta, zein herrian festak gozatzen parte hartzen duten gazteei ere. Kanpaina zabal honetan “uneoro gozatzea zure esku dago” gogorarazten digute eta gainera zenbait ideia ere atxikitzen dituzte arriskuak murrizteko:
Zeure erara ibili
Festetako jarduera programa anitza dela gogorarazten digute, hortaz, bakoitzak erabaki ditzake zerekin gozatu nahi duen, jendea ezagutu…
Ur pixka bat?
Festetan oso garrantzitsua baita ura edatea, izan ere parranda bizitzeko eta drogek sortzen duten deshidratazioari aurre egiteko, ezinbestekoa da.
Jango al dugu?
Osasuntsu jatea, nahiz eta festak izan, indarberritzeko aukera ematen digu eta horrela bizitasun gehiago izanen dugu gozatzen jarraitzeko.
Lo indar-berritzailea
Atseden aldiak, siesta… pilak kargatzen dizkigulako.
Drogekin ala gabe?
Zer? Nola? Noiz? Kontutan izaten al dugu? Droga kontsumitzeak arriskuak dakartza eta erabaki bat hartu aurretik, gogoeta egiteak, arriskuak murrizten lagunduko digu. Gainera, bakoitzaren erabakiak errespetatzea garrantzitsua da, izan ere ez-kontsumitzea hautazkoa da eta bakoitzak badaki nola gozatu nahi duen.
Helduak ispilu gara
Honekin batera, helduei zuzendutako mezuak ere ekartzen dizkigute, izan ere, helduak ispilu gara gazteentzat, gure eredua transmititzen baitugu. Horrela, gogora ekartzen digute komunikazioa baliabide bezala, konfiantza eta ardura garrantzizko elementuak.
Arrisku Murrizketa Txosnetan
Hegoak Elkartea Txosnetan izango da “Druida Gunearekin” asteazken gauean 23:00etatik 03:00etara, betiko moduan arrisku murrizketaren esku-hartzean eta substantzien analisirako zerbitzuarekin.
Bestalde, prozesu parte-hartzaile bat landu da “Txosna Batzordearekin” eta eskuragarri diren edalontzietan hausnarketan lagunduko gaituen mezua helaraziko digute.