Iruñeko 3. instrukzio epaile Maria Paz Benitok atzera bota ditu Altsasuko 11 gazteen defentsak aurkeztutako apelazio eta erreforma helegiteak. Beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi du ferietako liskarraren auzia atzera ere. Gazteen defentsa abokatuak epailearen erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu du Nafarroako Lurralde Auzitegian. Altsasuko gazteen auzia Iruñean epaitzeko eskatuko du berriro ere abokatuak.
Benito epailea izan zen ferietako auziaren instrukzioa abiarazi zuena. Baina azaroaren 8an inhibitu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen, “terrorismo delitua” zelakoan. Defentsaren helegiteei azaroaren 22an erantzun zien halakorik aurkezterik ez zutela. Baina Nafarroako Lurralde Auzitegiko lehen aretoak defentsako abokatuen kexa helegitea onartu zuen eta Iruñeko epailea ilbeltzaren 20tik helegitea aztertzen ari zen.
Gurasoak parlamentuan
Osoko bilkura izanen da gaur parlamentuan eta gonbidatuen eserlekuak Altsasuko gazteen gurasoek beteko dituzte. Gonbidatuak izan dira eta hala, bereziki zortzigarren puntuan gertatzen denari begira izanen dira. Izan ere, mozioa aztertuko dute, Gorte Orokorrei eskatzen diena aldtatzeko Kode Penaleko 573. artikulua, terrorismo delitua barnebiltzen duena. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute mozio hori.
Albistea: guaixe.eus