Hodei Iruretagoiena
Memoriaren Egunaren biharamunean, Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen etxean aurkeztu duteGaldutako objektuak, Mikel Zabalzaren kasua eta torturak Euskal Herrian izan duen eragina aztertuko duen proiektua. Ahotsa.info, Piztu.info eta Filmotek ari dira dokumentala ontzen, eta Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta Europan grabatuko dute, Miguel Angel Llamas Pitu egileetakoak azaldu duenez. Zabalzaren heriotzatik 30 urtera, tortura "sistematikoaren" errealitatea ere islatu nahi dute proiektuan: "Estatuak erabilitako gerra tresna izan da".
Zabalzaren senitarteko eta hurbilekoekin batera, hainbat arlotako ordezkariak izan dira aurkezpenean: Donostiako alkate Eneko Goia, Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro, ezker abertzaleko Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin abokatua, Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia Diego, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, Mariano Ferrer kazetaria...
"Zoaz galdutako objektuen bulegora"
Egileen aurkezpenaren ondoren, Euskal Memoriako Iñaki Egañak hartu du hitza. Dokumentala torturaren egia ezagutu eta ezagutarazteko beharrezko dela adierazi du, eta torturapean hildako pertsonak ekarri ditu gogora. Altzako Mikel Zabalza Gogoan herri ekinbideko kide bat mintzatu da jarraian, egia, justizia, memoria eta erreparazioa aldarrikatzeko.
Mikelen arreba Idoia Zabalzak eman dio amaiera ekitaldiari, eta 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibila Orbaitzetako (Nafarroa) etxean agertu zitzaienekoa ekarri du gogora. Baita amari Intxaurrondoko koartelean erantzun ziotena ere, semeaz galdezka joan zenean: "Semea aurkitzen ez baduzu, zoaz galdutako objektuen bulegora". Bertsio ofiziala hasieratik "sinesgaitza" egin zitzaiela salatu du: "Intxaurrondoko koartelean hil zuten torturatuta".
Diru bilketa
Lana aurrera eramateko, 60.000 euroko gutxieneko aurrekontua aurreikusi dute, eta 15.000 euro bildu nahi dituzte datozen berrogei egunetan. Horri buruzko informazio guztia Verkami plataforman, proiektuaren webgunean etawww.mikelzabalza.eus atarian jarri dute irakurgai.