Ostiralean sinatuko dute, baina jada itxitzat jo daiteke Iruñeko udal gobernu berriaren akordioa. EH Bilduren zerrendaburu Joseba Asironek iragarri du komunikabideen aurrean udal gobernuaren gutxieneko kode etikoa, programa eta organigrama adostu dituztela. Halaber, inbestidurako hitzaldiaren edukinen inguruan ere heldu dira adostasunera.
"Baldintzak, eraketa eta pertsonak datorren astean zehar zehaztuko dira", adierazi du Asironek. Eta uztailaren 3ko udalbatzan zehaztuko dituzte zinegotzigoak zein alderdik gidatu.
Orain, alderdi bakoitzaren oinarriek berretsi beharko dute akordioa.
Maiarekin bilera
Bestalde, Enrique Maia egungo Iruñeko jarduneko alkatearekin bilera "lasaia" izan duela zehaztu du Asironek. Botere aldaketa "arduratsua" egitea dagokiela eta horretarako konpromisoa hartu dutela zehaztu du. Asironek gaineratu du Maiak oposizio "sendoa" egin asmoa duela adierazi diola, "ez nuela gutxiago espero esan diot".