[Berria]
Eztabaida gatazka politikoari buruzko atalarekin hasi da. Oihane Garzaron aurkezleak gazteleraz eta euskaraz egin du aurkezpena, eta ondoren hautagaiek euren burua aurkeztu dute. Esparzak Araizi ETAren indarkeria ez gaitzestea leporatu dio, eta horrek azpimarratu du autokritika egin duela ezker abertzaleak eta biktimen mina aitortu duela. Gainera, esan du EH Bilduko hautagaiak 1936tik Nafarroan hildako gehiago egon direla eta UPNk ez dituela besteak ETAren hildakoak bezala babestu.
Orokorrean hori izan da eztabaidaren dinamika. Araizek UPNren kudeaketaren datuak jarri ditu mahai gainean, eta Esparzak ahal zuen aldiro aipatu du ETAren indarkeria. Topikoekin aritu da Esparza, eta momentu jakin batean Oroz komikilari nafarraren komiki bat erakutsi du esateko ikurrinarik ez duela behar, komikian esaten den moduan, mendeetako bandera bat duelako, Nafarroako banderagatik.
Eztabaida amaituta EH Biduko hautagaia gustora agertu da, eta esan du hau lehen pauso bat izan dela, lehen atal horretan esan duen moduan, UPNk eta Bilduk elkar ulertu beharko dutelako, elkarbizitzaren mesedetan. Pena zuen, ordea, oso azkar joan delako eta azaldu du eurek ordu eta erdiko eztabaida nahi zutela, baina UPNk ukatu zuela. Esparza korrika joan da, eta ez du BERRIArekin hitz egin nahi izan.
Bigarren atalean Araizek Esparzari leporatu dio UPNk dirua "bota" egin duela azpiegitura handiekin, eta gastua izugarri handitu dutela: itzalpeko ordainsariak, Los Arcosko zirkuitua, Navarra Arena... Esparzak erantzun du ea Nafarroak horrelakorik ez ote duen merezi, eta zirkuituaz gaineratu du "errentagarri" dela kanpotik datozenek dirua Nafarroan gastatzen dutelako: jatetxeetan, ostatuetan...
Ordubeteko eztabaida izan da baina mami handikoa. 22:00etan hasi da, eta hiru ordu laurden lehenago Adolfo Araiz Nafarroako Parlamenturako EH Bilduren presidentegaia iritsi da Navarra Television-eko estudioetara. Berarekin ziren Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez parlamentariak eta Xabi Lasa Berriozarko alkatea. Ordu laurden geroago iritsi da Javier Esparza, Oscar Arizkuren UPNko idazkari nagusiak, Sergio Sayas parlamentariak, Joaquin Ortigosa bere kanpaina arduradunak eta Cristina Lopez Mañero bere kontseilaritzaren gabinete buruak lagunduta.
Nafarroako presidentetzarako UPNren eta EH Bilduren hautagaien eztabaidak lau atal izan ditu, bi alderdiek elkarren artean hala adostuta: lehen atalean, gatazka politikoari buruz aritu dira; bigarrenean, ustelkeriaz; hirugarren atalean, Nafarroarako dituzten proposamenak aurkeztu beharko dituzte; laugarren eta azken atala Nafarroaren estatus politikoaz hitz egiteko baliatu dute.
Araizen ekinbidea
Adolfo Araizek orain hiru aste egin zion eztabaida egiteko proposamena Jose Javier Ezparzari, UPNko zerrendaburuari. Araiz prest agertu zen “iraganaz, gatazkaren konponbideaz eta jarrerez” hitz egiteko, baina baita ustelkeriaz eta kudeaketa ereduaz ere. Araizek berak baieztatu zuen Ezparzaren baiezkoa jaso duela. Esparzak azaldu zuen Araizekin aurrez aurreko bat nahi duela "aurpegira lau gauza" esateko.