Oier Araiz auzipetua: "Tafalla oso herri solidarioa da eta epaiketa honen bitartez hori galarazi nahi dute"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mar. 3a, 10:42

Ezkerretik eskuinera: gorka Labat, Fernando Sota eta Oier Araiz

Gorka Labat, Oier Araiz eta Fernando Sota Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte asteazkenean.

Iazko udan Tafallako festetan presoen alde egindako ohiko brindisean parte hartzeagatik epaituko ditu Angela Murillok. Bi urteko kartzela zigorra, hiru urteko zaintzapeko askatasuna, bederatzi urteko inhabilitazioa eta 4.800 euroko isuna eskatu ditu fiskaltzak. Araizek erantzun dizkigu galderak.

Zer leporatzen dizuete?

Terrorismoa goraipatzea egozten digute. Jaietan urtero egiten dugu presoen aldeko brindisa. Ihaz Guardia Zibila agertu zen, argazki batzuk egin, txostena idatzi eta epaileari bidali zioten. Urriaren 24an deklaratu genuen Tafallan bideokonferentzia bitartez, ez genuen Madrilera jaitsi behar izan. Deklarazio horretan epaileak erabaki zuen delitu zantzuak egon zitezkeela eta epea ireki zuen fiskaltzak salaketa mahai gainean jartzeko. Fiskalak salaketa jarri zuen, eta herenegun deitu gintuzten esateko epaiketa martxoaren zortzian izango dela.

Epaiketaren salbuespen egoera salatu duzue.

Ikusarazi nahi genuen auzia ez dela gure kontrakoa, pertsona bezala, baizik eta Tafallan ezarri duten salbuespen egoeraren testuinguruan ulertzen dugula. Azken urteetan, behin eta berriro, iskanbila sortu dute brindisaren harira. Tafalla beti izan da oso herri solidarioa, eta ez soilik presoekin, eremu guztietan baizik. Hori galarazi nahi dute kartzela zigorren bitartez. Herriarekiko jazarpen eta eraso bezala ulertzen dugu.

Urtero egiten da brindisa jaietan. Zergatik epaituko zaituzte orain?

Egiten dugun irakurketa da ez zaiela gustatzen urtero ekitaldia egiten jarraitzea nahiz eta haien erasoak jaso. Aurten “honaino” esan dute, eta muturreraino eramaten saiatuko dira. Urtero saiatzen dira brindisa zapuzten, beldurra sortuz eta jendea auzipetzen, baina ez dutenez lortu elkartasun oihu hori isilarazten, aurten ahal duten guztiarekin etorri dira.

Zer asmo duzue egoera salatzeko?

Plan bat genuen pentsatuta, uste baikenuen epaiketa bi edo hiru hilabete barru izango zela. Baina azkenean astebete daukagu epaiketa prestatu eta herrian mobilizazioak antolatzeko. Gure apustua igandean egingo dugun manifestazioa izango da, Tafallako plazan bilduko gara 13:00etan. Sare sozialetan eta prentsan ere salatu nahi dugu gertatzen ari zaiguna, baina lau egun ditugu soilik. Epaiketaren ostean ikusiko dugu zer ondorio ekarri dezakeen, irakurketa egin eta behar duen erantzuna emango diogu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!