Errepresioaren kontra topa egiteagatik epaituko dituzte Tafallako hiru herritar

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 2a, 09:01

Argazkia: Auzipetutako hiru lagunak. / ahotsa.info

Tafallako jaietako euskal presoen dispertsioaren aurkako topan parte hartzeagatik, 2 urteko espetxe zigorra, 3 urteko zaintzapeko askatasuna eta 9 urteko gaitasungabetzea eskatu ditu Fiskaltzak haientzat.

Topa egiteagatik 2 urteko espetxe zigorra izan dezakete Tafallako hiru herritarrek; dena iazko festetan dispertsioaren kontra topa egin zutelako. Ez hori bakarrik: 3 urteko zaintzapeko askatasuna eta 9 urteko gaitasungabetzea ere eskatu die Fiskaltzak. Martxoaren 8an epaiteko dituzte, Audientzia Nazionalean. 4.200 euroko isuna eta 6.240 fiantza galdegin dituzte bakoitzarentzat. 

"Elkartasuna ezin da delitua izan", esan dute auzipetuek. "Epaiketa honen salbuespen egoera salatu nahi dugu, izan ere, herri eta hiri askotan, urtez urte, gisa horretako ekitaldiak egiten dira eta Tafallla izan da, behin eta berriz, salbuespen auzitegietan amaitu duen bakarra", salatu dute. 

Manifestazioa eginen dute Tafallan, igandean, 13:00etan, auzia salatzeko. Iruñean, berriz, topa eginen dute, igandean ere, 13:00etan, Udaletxe plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!