Entzutekoak

Euskal pilota, ondare bizia eta etorkizuneko erronkak

Euskalerria Irratia

Iruñeko Labrit pilotalekuan euskal pilotaren nazioarteko lehen biltzarra ospatu da. Kirolariak, ikertzaileak eta kultur zein erakundeetako ordezkariak bildu ziren, euskal pilotaren oraina eta etorkizuna aztertzeko

Biltzarrean hainbat gai izan zituzten hizpide: herrietako frontoien eta mugimendu kolektiboaren garrantzia, pilotaren transmisioa eta ondare inmaterial gisa duen balioa. Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko lehendakariak belaunaldi berrietara iristea eta kirola bizirik mantentzea erronka nagusietako batzuk direla aipatu zigun. Pilotariekin ere izan ginen. Unai Laso pilotariak, esaterako, txikitatik izan duen pilotarekiko loturaz eta herriko frontoiek duten garrantziaz hitz egin zuen.

Emakumeek euskal pilotan izan duten eta gaur egun duten lekua ere aztertu zuten. Horretarako, «Emakumeak pilotan» mahai-ingurua antolatu zuten, Olatz González, Andrea Lusarreta, Chus López eta Uxue Fernández Lasa parte-hartzaile zirela. Uxuerekin solasaldia hasi aurretik hitz egiteko aukera izan genuen. 2014an, «Emakume pilotariak: izaera, bizipen eta sentipenak» tesia aurkeztu zuen, emakume pilotarien esperientziak aztertuz. Emakumeak duela 120 urte ere frontoietan aritzen zirela nabarmendu zuen, eta euskal pilota guztiona dela aldarrikatu.

Honen harira, Andrea Lusarretak ikusgarritasuna handitzea ez dela nahikoa ohartarazi zuen: baliabideak, aukerak eta babes instituzionala ere behar dira. Azken batean, euskal pilotaren etorkizuna bermatzeko, tradizioari eusteaz gain, gizartearen aldaketetara egokitzea izango da gakoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!