Entzutekoak

Samira Calvo (Fraktal): "Etxebizitzarako sarbidea denontzat zaila bada, are gehiago kalean dauden migranteentzat"

Euskalerria Irratia

Kale gorrian bizi direnei ostatu emateko sortu da Fraktal, Kale Nagusiko 54. zenbakiko lehenengo solairuan irekiko den aterpetxea. Egoitza, alta, hori baino gehiago ere izanen da: Mugen Kontrako Europako Agentziaren bulegoa eta kontrakultura sustatzeko aretoa ere egonen dira bertan. Guzti hori atontzeko beharrezkoa den dirua biltzeko crowfunding kanpaina abiatu du Derecho a Techo ekimenak

Oinarrizko laguntzak eskuratzea erraztu bazaie ere, kale gorrian bizi diren gazte magrebtarrentzat ia ezinezkoa suertatzen da etxebizitzarako sarbidea. Halaxe azaldu du Samira Calvo Derecho a Techo ekimeneko kideak Bigarren Solairuan. "Instituzioetatik laguntzak iristen dira, baina eskasak eta mugatuak dira, ez diote arazoari errotik heltzen. Errolda eta oinarrizko diru-laguntzak jasotzen badituzte ere, kalean dauden gazte hauek oso oso zaila daukate etxebizitza bat lortzea. Inork ez die alokatu nahi eta ez daukate egonkortasun ekonomikorik. Horrela, oso zaila da". Arazoari elkartasun sarearen bitartez aurre egitea erabaki du, hartara, bere sustraiak Katakraken dituen Derecho a Techo ekimenak, eta horretarako sortu da Fraktal, 24 pertsonentzako lekua izanen duen aterpetxea. 

Iruñeko Kale Nagusiko 54. zenbakiko lehenengo solairuan kokatuko den egoitza ez da "aterpetxe soil bat" izango. Alde batetik, hiriko periferietan sakabanatuta eta bakartuta dauden gazte migranteen arteko sarea ehundu eta antolatzeko lekua eskainiko die. Bestalde, Mugen Kontrako Europako Agentziaren bulegoa ere bertan kokatuko da, bere baitan Derecho a Techo ekimenaren tankerako beste bost elkartasun sare biltzen dituena. Horretaz gain, "kontrakultura sustatzeko areto txiki bat" ere izanen du, Calvok azpimarratu bezala, "Katakraken ahizpa txikia izanen dena".

Espazioa atondu ahal izateko, Derecho a Techok crowfunding kanpaina bat abiarazi du, abendura bitarte irekita egonen dena. "Gutxienez 330.000 euro behar ditugu espazio guztia txukuntzeko, eta periferietan baztertuta dauden horiei leku seguru bat emateko". Ekarpenak Fraktalen webgunean bertan egin daitezke, www.fraktal.net/eu/ helbidean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!