Urtebete besterik ez da igaro sortu zenetik, eta dagoeneko Iruñerriko euskararen ekosistemaren eragilerik aktiboenetako batean bilakatu da Irauli. Familiei euskaraz sozializatzeko eta aisialdian euskaraz aritzeko aukerak emateko asmoarekin sortu zen eta, Jon Bujanda ekimenaren sustatzaileak nabarmendu bezala, bete-betean asmatu zen helburuarekin. Intuizioz eta bizipen propioetatik abiatu zen egitasmoak askoren beharrei erantzun ziela ohartu ziren segituan. Izan ere, harrera ezin hobea izan du hasieratik Iraulik, haur, heldu eta eragileen arteko sare egonkor bat ehuntzea erdietsi duena.
Hartara, ikasturte berrira begirako aurreikuspena zehaztu du Iraulik dagoeneko. Jarduera eta aktibitate egonkorrak mantenduko dira, alde batetik; eta egitasmoa berriak ere egonen dira. Horien artean kokatzen da Egun bat hiri buruzagian izenekoa. Urriaren 10ean eta 24an eginen da, larunbatarekin, eta egun osoko iraupena izanen du. Helburua, familiako kideek euskaraz egun oso bat igarotzea da, Bujandak argitu bezala: "Goizean helduak IKA eta AEK euskaltegietako klase batera joanen dira eta bitartean haurrak Iraulin geratuko dira jolasean. Ondoren, denok elkarrekin bazkalduko dugu, eta bazkalostean familian elkarrekin euskaraz disfrutatzeko jolasak eta proposamenak egonen dira".
Gehienez 10 familiak parte hartu ahal izanen du egun bakoitzean, eta izen ematea dagoeneko irekita dago. Orotara, 40 lagunendako lekua egonen da bazkarian eta arratsaldeko dinamiketan. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago Irauliren webgunean bertan.