Mahaiaren bueltan eseri eta janaria konpartitzeak, batzuetan, badu elikatzea bera baino asmo eta helburu handiago bat. Janaria konpartitzearena, izan ere, elkartasun keinu bat izan daiteke. Halaxe uste dute eta asmo horrekin elkartu dira, beste behin, Iruñerriko hainbat kolektibo. Txantreako Arrozak dinamikaren ildoari jarraituz, Iruñeko Arrozak antolatu dute, urriaren 12an Txantreako Irubide parkean eginen dena.
Guztientzako eskubideak, aberastasunaren banaketa, eta bizitza duina dira Iruñeko Arrozak mahaigaineratuko dituen aldarrikapenak. Urriaren 12a hautatu da ekimenerako, ausazko hautaketa bat izan, Arantxa Caminos ekimeneko komunikazio arduradunak argitu moduan: "Hain zuzen ere inperialismoa ospatzeko egun hori hautatu dugu antiarrazismoa aldarrikatzeko,e ta haren eskutik denontzako eskubideak eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa. Iruñea arrazakeriaren kontrako erresistentzia hiria dela erakutsi nahi dugu".
Txantreako Jaki Toki kolektiboak proposatutako Txantreako Arrozak ekimenari jarraituz sortu da Iruñeko Arrozak. Antolatzaileek herritar orori luzatu dio parte hartzeko gonbita: arroza egiteko eta dastatzeko gogoa besterik behar, arrazakeriaren kontrako borrokan aletxo bat gehitzeko.