Gero eta gehiago dira irakurle taldeetan parte hartzera animatzen direnak. Izan ere, ez dira gutxi dakartzan onurak: irakurketa kritikoa garatzen du, gure ikuspegia zabaldu dezake, hizkuntza gaitasunak hobetzen ditu… Iruñean, gure inguruan, irakurle talde andana aurkitu ditzakegu, tamaina eta kolore askotarikoak. Aurten, alta, talde berri bat sortu da Txalapartaren eskutik. Ttakun! izena du, eta Iruñeko haur euskaldunen irakurle taldea da. Maddalen Ibarrak zuzenduko duen taldea hilabetean behin bilduko da Txalaaprtan bertan. "Txikien artean euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea eta pentsamendu kritikoa elikatzea izanen du helburua", nabarmendu du Ibarrak.
8 eta 10 urteko haur euskaldunei zuzendua, saio bakoitzean hurrengo saiorako liburua aukeratu da taldean. "Txikiek liburua etxean irakurrita etorri beharko dute saiora, eta bertan ikuspegi desberdinetatik aztertuko dugu irakurritakoa. Norberak ulertu duena eta sortu zaizkion zalantzak argituko ditu, liburuak jorratzen dituen gaien inguruan arituko gara, egungo errealitatearekin lotuko dugu... Eta amaieran irakurketatik eta baterako analisitik eratorritako ikasketak barneratzeko talde dinamika bat eginen dugu". Hilabeteroko saioak izanen dira, zehazki hilabeteko bigarren larunbatean, goizeko 11:00etan izanen dena. Urriaren 10ean izanen da lehenengo saioa.
Jardueran izena emateko epea irailaren 20ra arte egonen da zabalik, eta promo@txalaparta.eus helbidera idatzita edo Txalapartaren liburu-dendara bertaratuta egin daiteke. Jarduera doakoa da.