Entzutekoak

Irailaren 20ra arte egonen da zabalik IHEO-en izena emateko epea

Euskalerria Irratia

Euskaraz A1-etik C2 mailara arteko gelak emanen dira, azken hau bi ikasturtetan banatuta: C2.1, titulua eskuratzeko azterketa egin behar izan gabe hizkuntza trebakuntzan hobetzeko; eta C2.2, titulua eskuratzeko beharrezkoa dena

Bost hizkuntza, maila zein ordutegi askotarikoak, aurrez-aurre edo bertzelako modalitateetan, aktibitate osagarriak… eta guzti hori publikotik. Horixe eskaintzen du Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak 2026-2027 ikasturterako. Aurre izen-emateak irekita egonen da irailaren 20ra arte eta ordutik aurrera oraindik ere izena emateko parada izanen den arren, soilik libre gelditzen diren gelak hautatu ahal izanen dira. Beraz, Santi Leone Hizkuntza Eskolako zuzendari ordeak nabarmendu bezala, “orain da une hoberena izena emateko”. Irailaren 21ean bertan eginen da plazen zozketa eta orduan zehaztuko da bakoitzari zein egokitu zaion.

Ingelesa, alemana, frantsesa, italiera eta, noski, euskara ikasteko parada eskaintzen du Hizkuntza Eskolak. Iruñean bakarrik ez, eta Lizarran ere euskara eta ingeles klaseak emanen dituzte aurten ere, azken honetan arratsaldeko ordutegian. Bestalde, euskarazko ikaskuntzaren baitan C2 maila aurkitzen da, bi ikasturtetan banatuta, C2-1 eta C2-2. Leoneren aburuz, C2.1 maila bereziki interesgarria da profil zehatz batzuentzat: “D ereduko irakasleentzat, kazetarientzat edo, oro har, euskara eguneroko lanean lanabes dutenentzat eta, aldi berean, C2 titulua eskuratzeko azterketa egiteko beharrik ez duten horientzat. Euskara hobetzera eta zorroztera bideratuta dago, azterketaren presio hori gainean izan gabe”. 

Gelez gain, IHEO-k abantaila gehigarriak eskaintzen dizkie ikasleei, tartean lehiaketak, ikasturtean zehar antolatzen diren kultura jarduerak, festibal batzuekin kolaborazioak, Erasmusa, liburutegia edota Golem zinemetan jatorrizko hizkuntzan filmak ikusteko sarreretan beherapena. Argibide guztiak Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko webgunean aurkitu daitezke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!