Inoiz ez da berandu euskara ikasten hasteko. Horixe pentsatu dute askok azken hamarkadetan, helduentzako euskalduntze eskoletako izen-ematearen joerak etengabeko igoeran jarraitzen baitu. Hala atzematen du aurten ere Xabier Martinez de Lezea IKA Arturo Campion euskaltegiko zuzendariak. "Azken urteak oso onak izaten ari dira, gero eta jende gehiago daukagu eta aurten ere hala izanen dela dirudi". Izen-ematea irekita egonen da ikasturtea hasi arte, irailaren 28an. A1-etik hasi eta C1-eraino, maila guztiak eskaintzen ditu Komedias kaleko euskaltegiak, ordutegi askotarikoan.
"Ordutegi hauek orientagarriak dira", azpimarratu du irakasleak. "Taldeak sortzen diren ordutegirik ohikoenak dira. Horrek ez du esan nahi ordutegi horietan guztietan maila guztietako taldeak izaten direnik. Ordutegi bakoitzean taldea sortzeko baldintza gutxienez maila bereko zortzi lagun elkartzea da". Horiez gain, ikasleen beharren araberakoak ere izaten dira ordutegiak, goizeko 7:00etan hasita, gaueko 22:00ak arte. "Lanean txandaka ari bazara, arazorik gabe etor zaitezke aste batean goizez eta hurrengoan arratsaldez, betiere maila bereko taldeak goizean eta arratsaldean ari badira. Erritmo apalagoa: B2 mailatik aurrerako ikasleek aukera dute astean bitan etortzeko, lautan etorri ordez".
Helduen euskalduntzean jarduten duten erakundeek hala aldarrikatuta, Nafarroako Gobernuak doakotasunaren aldeko urratsak eman ditu azken urteotan. Hala, A1 eta A2 mailetan matrikulatutako ikasleentzako Euskarabidearen laguntzak matrikularen %100erainokoak izatea bermatu da. B1 eta C1 bitarteko mailetan, bestalde, matrikulatutako ikasleentzako Euskarabidearen laguntzak matrikularen %80rainokoak izan daitezke. "Nafarroako udalek ere laguntzak ematen dituzte. Kasu gehienetan Euskarabideak ematen dituen laguntzak eta udaletakoak bateragarriak izaten dira".