Maiatzaren 29an abiatu eta ekainaren 7ra bitartean zabalik egonen da, Iruñeko Gazteluko plazan, Nafarroako VI. Liburu Azoka. Diego de Haro Nafarroako Liburu-denden elkarteak antolatuta, Iruñea, Tutera, Elizondo, Lizarra eta Huarteko 17 liburu-dendek euren apalategietako alerik hoberenak eraman dituzte, %10eko deskontuarekin saltzeko asmoz. Horretaz gain, 50 ekitaldi baino gehiago antolatu dira egunotarako, tartean liburu aurkezpenak, hitzaldiak, tailerrak eta bestelako emanaldiak. Liburuaren besta handi batean bilakatu da, hartara, plaza, eta gurea ere bertara eramatea besterik ez genuen. Irrintzi Plazaren saio berezian, azokan parte hartzen ari diren antolatzaile, langile, idazle, editore eta saltzaileekin hitz egiteko parada izan dugu.
Pablo Abarzuza eta Giorgia Saiu antolatzaileek saioaren hasieran nabarmendu bezala, horrelako ekimenen atzean hilabetetan luzatzen den lana dago, baina merezi duena. Izan ere, ez dago jendearekin aurrez-aurre literatura partekatzea baino gauza ederragorik. Dragon Comics eta Txalaparta liburu-dendetako saltzaileekin ere mintzatzen aritu gara azokan parte hartzeak dakarrenaz; Xabi Lasa, Luis Garde eta Leire San Martin idazleek azokaren baitan aurkeztu dituzten liburuetaz aritu gara; Lander Majuelok (Pamiela), Maddalen Ibarrak (Txalaparta) eta Samira Calvok (Katakrak) euren liburu-gomendioak luzatu dizkigute eta Leire Perezek azokaren edizio honetan aurkeztu den harribitxi berezienetako bat ekarri digu, euskaraz argitaratu zen haurrentzako lehenengo albuma, Lehoikumea. Iosu Marti "plazagizonak" azokaren beste ikuspegi bat ere eman digu: gizon jubilatuen outfit-a.