Entzutekoak

Irakurzaletasuna pizteko irakurraldia

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 8a

Biurdana BHIk XXV. Irakurketa Publikoa egin du gaur. Joe Pacco  kazetari estatubatuarrak idatzi eta marraztutako Palestina komikia irakurri dute Julen Gabiria itzultzailaren euskarazko bertsioan (Astiberri, 2023). Ikasleak, irakasleak, ikasle ohiak eta kanpoko gonbidatuak txandaka aritu dira. 

Biurdanako ikasleak, irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak, eta kanpoko gonbidatuak txandaka arituko dira, 10:00etatik 13:30era, Palestina komiki liburuaren pasarteak ozen irakurtzen. Kanpoko gonbidatuen artean izanen dira, bertzeak bertze, Jon Mariezkurrena eta Laia Salsamendi pilotariak, Sustrai Colina bertsolaria, eta Maika Iraizoz harrijasotzailea; era berean, Biurdanara irakurtzera etorriko dira Iruñeko Udaleko kultura zinegotzi Maider Beloki eta Nafar Ateneoko euskara bokala, Ines Castiella. Julen Gabiria bera ere 11:30etik aurrera egonen da Biurdanan irakurraldia ikus- entzuten. Halaber, eta aurtengo liburuaren gaia kontuan hartuta, Palestinaren okupazioa eta
genozidioa salatzen ari diren Yala Nafarroa-ko eta BDZko ordezkari bana izanen dira gurekin, Eduardo Ibero eta Txuri Ollo, hurrenez hurren. Iragan mendeko 1991-1992 neguan Joe Sacco kazetaria (Malta, 1960) Palestinan egon zen, Zisjordanian zein Gazako zerrendan, baita Jerusalemen ere, eta han bizi izandako esperientziak komiki itxurako hainbat erreportajetan bildu zituen. Erreportaje haiek bederatzi liburutxoran argitaratzen joan ziren, eta azkenean liburu handi bakarrean jaso zituzten, Palestina izenburu orokorrarekin. Liburu harengatik, 1996an, American Book Award saria eman zioten Saccori, eta holokaustoari buruzko Art Spiegelman-en Maus eleberri
grafikoarekin konparatu izan zuten, Saccoren lanak ere sozialki eta politikoki oso korapilatsua den gai bat bikain lantzen duelako, komikiak formatu bezala dituen mugen
baitan.

Kostatu izan da komiki liburu hau euskaraz irakurri ahal izatea. Baina ailegatu da, azkenean, Astiberri argitaletxearen eta Julen Gabiria itzultzailearen eskutik. Hain zuzen ere, Astiberrik 2022an argitaratu zuen arestian aipaturiko Maus komiki liburuaren euskarazko bertsioa, Julen Gabirirak itzulita. Eta haren ondotik etorri ziren euskaraz Palestina (2023), Gerra gazan (2024) eta Gazako oin-oharrak (2025). Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoa da Biurdanakoa. Hau da, euskarazko liburuak irakurtzen ditugu ekitaldi honetan. Eta Palestina komiki liburua, Julen Gabiria itzultzaile eta idazlearen eskuetatik pasatu eta gero, euskal liburua ere bada, eta horregatik eginen diogu gorazarre Gabiriari, Joe Saccoren lan ezinbertzeko hau gurera ekartzeagatik. Palestina komiki liburua ez da gozatzen diren horietakoa, hor kontatzen direnak ez baitira inoren bihotzak alaitzeko modukoak. Baina, bederen, espero dugu ekitaldi xume honekin Palestinaz hitz egiten jarraitzeko helburua lortzea eta gure irakurraldia giza eskubideen urraketaren salaketa ere bilakatzea.

Komikia kontu serioa da mahai-ingurua, bezperan
Biurdana BHIk Iruñeko Udalarekin eta Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatzen du Irakurketa Publikoa, eta institutuak ortzirale batez omentzen duen idazlearekin ekitaldiren bat antolatzen dute bi erakunde horiek bezperan. 2026ko Irakurketa Publikoan, Joe Sacco kazetari estatubatuarraren Palestina komiki liburua irakurriko dugu, Julen Gabiriaren euskarazko bertsioan. Gabiria ortziraleko irakurraldian egonen da, baita bezperan antolatu duten ekitaldian ere. Komikia gauza serioa da izenburua eman diote maiatzaren 7ko ekitaldiari, eta bertan Gabiria hasiko da hizketan, azken urteetan itzuli dituen lau komiki liburuen inguruko azalpenak emateko (Art Spiegelman-en Maus lana entzutetsua eta Joe Saccoren Palestina, Gerra Gazan eta Gazako oin-oharrak). Ondoren Martin Etxauri Txo! eta Andrea Prosper
Marrakatue ilustratzaile eta marrazkilariak batuko zaizkio, Maite Mutuberria ilustratzailearen gidaritzapean komikien seriotasunaz hausnartzeko. Mahai-ingurua 19:00etan izanen da, Caldereria karrikako erabilera anitzeko udal aretoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!