Entzutekoak

Edurne Azkarate: "Laguntasunari buruzko pieza bat da 'Heriotzak Eduardo du izena'"

Miren Mindegia Petrirena 2026ko martxoaren 4a

Susa argitaletxeak luzatutako proposamen batetik sortu den 'Heriotzak Eduardo du izena' poesia ez-errezitaldia ekarriko du Formol konpainiak ostegunean Iruñeko Geltokira. Azkaraterekin batera, Intza Alkain eta Mikel Ibargurenek osatzen dute Formol.

"Agurrak, poesia eta musikita". Hala laburbiltzen dute Formol Laborategia osatzen duten Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek Heriotzak Eduardo du izena, ostegunean Geltokiko Geldiunea espaziora ekarriko duten poesia ez-errezitaldia. Kontzeptu honen atzean, Susa argitaletxeak bere Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete zituenean konpainiari luzatutako proposamena dago: bizirik dauden poeten testuetan oinarritutako emankizuna. Arratsaldeko 19:00etan izanen da emanaldia, eta Nafarroako ardo ekologikoen zein bertako produktuekin egindako pintxoekin atonduko da hitzordua. 

Susaren poesia bildumatik ateratako poemetatik abiatzen da obra, nahiz eta "askatasun osoarekin" sortutako obra den, Azkaratek azpimarratu bezala. "Obrak balio digu heriotzari buruz hitz egiteko eta heriotzarekin dugun harremanaren inguruan hausnarteko baina, azkenean, konturatu gara laguntasunari buruzko pieza bat atera zaigula". Bunker batean kokatzen dira obrako hiru pertsonaiak. "Musikak protagonismo handia dauka, baita ikusentzunezkoek ere", zehaztu digu aktoreak. "Susatik badu eta Formolagoak diren ikutuak ditu". Heriotzak Eduardo du izena esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartuko dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratuz eta publikoa eta eszenatokiaren arteko barrera tradizionalak ezabatuz.

Emanaldiak iraun bitartean, Geldiunea espazioak Nafarroako ardo ekologiko bat dastatzeko parada eskainiko du eta, harekin batera, Geltoki Tabernak tokiko produktuekin sortutako hiru elaborazio. Antolatzaileek nabarmendu bezala,  "laguntzeko, orekatzeko eta harritzeko pentsatutako proposamen gastronomiko txikiak" izango dira. "Hurbileko zaporeak, agertokiarekin eta koparekin elkarrizketan". Emanaldirako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Geltokiren webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!