Bertan da Irriziklo, Iruñeko Udalak antolatzen duen euskarazko umorezko antzerki zikloa. Otsailaren 25etik abiatuta, lau asteazkenez jarraian barrez beteko da Nafarroako Antzerki Eskola, arratsaldeko 19:00etan. Etxekoekin abiatuko da zikloa Inprolabel taldearen Inprofestakzioa inprobisazio ikuskizunak emanen baitio hasiera. Publikoak proposatutakoa oinarri hartuta, unean uneko antzerkia eginen dute Xabier Flamarikek, Garazi San Martinek, Jaione Urtasunek, Xabier Artiedak eta Lorena Arangoak.
Artiedak erran bezala, jolasetik eta komediatik asko izanen duen emanaldia izango da. "Taldea osatzen dugun bost aktoreok hortik gatoz, eta hori nabaritzen da emaitzan ere". Aski ongi ezagutzen dute elkar, izan ere, taldeko aktoreek. Denak ala denak Nafarroako Antzerki Eskolan ikasitakoak dira, beraz etxean arituko dira, giro goxoan eta lagunartean, inprobisaziorako erraztasunak ematen dituen testuingurua.
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean bertan. Sarrera solteak bost eurotan erosi daitezke baita ziklo osorako bonoa ere, 16 eurotan. Orotara lau emanaldi izango dira, denak arratsaldeko 19:00etan.
EGITARAUA
- Otsailak 25, asteazkena: Inprofestakzioa. INPROLABEL. Iraupena: 60’
- Martxoak 4, asteazkena: Beste bat. LAS KATASTROFEN. Iraupena: 60’
- Martxoak 11, asteazkena: Txizatoki bat eszenatokian & Hamalau. TARTEAN. Iraupen osoa: 55’ (2 monologoen artean)
- Martxoak 18, asteazkena: JO!. MAGMA MIA. Iraupena: 60’