Argiñe Salanueva Nafarroako GKE-en koordinakundeko kideak argitu bezala, otsaila indartsu dator egitarauari dagokionez. ALiment-Arte sormenezko sukaldaritza tailerrarekin abiatuko da hilabetea. Joan zen astean eman zen lehenengo saioa, eta beste lau gelditzen dira hurrengo asteetako asteazkenetan emanen direnak. SETEM Nafarroak antolatu du tailerra.
Bestalde, Iruñeko Udalak antolatzen dituen Partaidetza Ikastaroak abian dira dagoeneko, eta zabalik honen eskutik emanen diren monografiko askotarikoetan izena-emateko epea. Doakoa da matrikula, eta hainbat eduki jorratuko dira, tartean boluntariotza, jendaurrean hitz egitea. emozioen kudeaketa eta adimen artifizialaren erabilera, besteak beste. Informazio guztia udalaren webgunean ikusi daiteke.
Otsailaren 2an abiatu eta otsailaren 20ra arte ikusgai egonen da, bestalde, Eskolak suaren lehen lerroan erakusketa, Txantreako Liburutegi Publikoan. Karimen (Gaza) eta Layaren (Zisjordania) egunerokoari so egiten dio erakusketak, egunero eskolarako bidean aurkitzen dituzten trabei erreparatuz. Erakusketa UNRWA-k Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan garatzen duen hezkuntza-proiektuaren parte da.
Hilabete honetan, bestalde, antimilitarismoa erdigunean jarriko dute haren inguruan antolatutako jardunaldiek. Iruñeko Kondestablearen jauregian eginen dira, asteazkenero. Otsailaren 11n, Militarismoa eta arma-gastuaren hazkundea Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean hitzaldia emanen du Juan Carlos Rois Dortoka Talde Antimilitaristako kideak. Egitarau osoa Nafarroako GKE-en koordinakundearen webgunean kontsultatu daiteke.