Bertsoaroaren 35. edizioa bihar, otsailaren 3an, abiatu eta martxoaren 12ra arte luzatuko da. Zazpi emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat tokitan barreiatuta. Beti bezala, formatu berritzileak eta proposamen askotarikoak uztartuko ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatzen duten egitarauak. Bertsozaleen egutegian "finkatuta" gelditu den ziklo bat dela nabarmendu digu Saioa Oneka Nafarroako Bertsozale Elkarteko komunikazio arduradunak.
Bertsoaroak "unean uneko bertsolaritzaren berri, kalitatez eta aniztasunez" ematea du helburu. Programazioaren baitan, bertsolari gazteak protagonista izango dituen Bertso Tramarekin emango zaio hasiera aurtengo zikloari, eta ez dira faltako ohiko bi bertso jaialdiak ere, lehen lerroko bertsolariei oholtza emago diotenak. Formatu berriei dagokienez, Itzali eta piztu bertso saio elektronikoa eta Hezur Berriak bertso saio literarioa ekarriko ditu egitarauak. Haurrei dagokienez, beren txokoa izango dute Bertso jasa bat-bateko jolasa tailerrean. Aurreko edizioetako arrakastari jarraipena emanez, bertso afariarekin itxiko da Bertsoaroa. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.
Kondestable Civivoxean, Katakraken, Antzerki Eskolan zein Salestarren Zentro Komunitarioan egingo diren lau emanaldiek sarrera librea izango dute, lekuak bete arte. “Bertso jasa” tailerrerako izena eman beharko da aurrez, eta Herriko Tabernan ospatuko den bertso afariarako bertsozale.eus webgunean erosi beharko dira sarrerak (otsailaren 28tik aurrera), 25 euroan.
Zazpi emanaldi guztira
Bertsoaroaren 35. aldia, Bertso tramarekin hasiko da aurtengoan. Patxi Bueno arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira herrialde ezberdinetako sei betsolari gazteak. Otsailaren 3an izango da saioa, Kondestable Civivoxean 19:00etan.
Otsailak 5 izango dugu bigarren saioa, bertso jaialdia izango da hau. Ohikoa den bezala, lehen mailako sei bertsolarik hartuko dute parte. Nafarroako Antzerki Eskolan izango da saioa 19:00etan. Saioren hasiera, 19:00ean, Iruñeko VI. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.
Otsailren 12an, “Itzali eta Piztu” Bertso saio elektronikoa izango dugu. Honetan, Aner Peritz eta Manex Pagola musikarien eskutik musika elektronikoa eta batbateko bertsolaritza uztartuko dira. Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei jarraiki, bi diziplina orain arte bereiziak modu malgu eta librean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen arituko dira hiru bertsolariak. LABAn izango da 19:00etan.
Otsailaren 19an izango da bigarren bertso jaialdia. Ibilaldi luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute oholtzaren gainean izango diren puntako bertsolariek. Hau Txantreako Salestarren Zentro Komunitarioan izango da 19:00etan hasita.
Otsailaren 26an, Katakraken, Ane Labakaren Hezur Berriak liburua abiapuntu hartuta sortutako bertso saio literarioa izango da, 19:00etan. Amatasunaren ertzez, anbibalentziez, kargez eta esanezinez dihardu liburua, beraz, aukera bat izan nahi du ama diren bertsolariekin batera hori dena oholtzaratzen saiatzeko. Saio honetan poema hautatuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak tartekatuko dira.
Ostiralean, otsailak 27ean, Iturramako Civivoxean, Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa bertso-saioa eskainiko da 17:00etan. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira hauek. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 26a baina lehen.
Aurten ere, laugarrenez, ezinbesteko moduan emango zaio amaiera Bertsoaroari: bertso afariarekin. Heriko Tabernan izango da 21:00etan. Sarrerak www.bertsozale.eus webgunean erosi daitezke, 25 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere.