Entzutekoak

Mattin Aiestaran: "Pompelo sortu zen garaiari testuinguru historiko eta arkeologikoa jarri diogu erakusketari esker"

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 30a

'Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak' erakusketak Irulegiko eskua aurkitu zen etxea irudikatu du eskala errealeko maketa batean. Zazpi areto eta hiru garaitan multzokatu dituzte Irulegiko aurkikuntzak eta bi garairen arteko bidea proposatu du Aranzadik erakusketaren bitartez. Ikusgai da dagoeneko eta irailaren 27ra arte bisitatu ahalko da Pompeloko Civivoxean.

'Irulegitik Pompelora. Hiri baten jatorriak' erakusketa jarri dute ikusgai ateak zabaldu berri dituen Pompelo Civivoxean. Erakusketaren izenburuak dioen bezala, bidaia bat proposatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak Iruñeko Udalarekin elkarlanean mugarri erabakigarri bat irudikatzeko helburuz: gure aroaren aurreko I. mendean, herri baskoiaren bat egitea Erromatar Errepublikarekin.

Oro har, ikasketa prozesu bat izan da. Erakusketak balio izan du egindakoa jendeari erakusteko, baita orain artean ikusi gabeko piezak ikusgai jartzeko. Zazpi areto eta hiru garai bereizi dituzte eta horietan ikusgai daude txanponak, haiek egiten zituztenak, eta baita gerra materiala ere. Biak ala biak garaiko bizimodu eta ohituraren erakusleak. Gainera, “Irulegiko eskuaz gain idazketa uste genuena baino ohikoago zela” ikusteko balio izan duela nabarmendu du ikerlariak.

Hala ere, erakusketak duen gauza garrantzitsuenetako bat, eskala errealean birsortutako Irulegiko eskua aurkitu zen etxea da. "Ikerketa lan sakona garatu behar dugu horretarako eta sekulako prozesua izan da. Ikasketa prozesu bat izan da duela 2100 urte beraien eraikuntzak egiten zituzten bezala aritu garelako; eskuak zikindu ditugu", azaldu du Aiestaranek. Eta hori "polita" izan da.

Erakusketa ikusgai da dagoeneko eta irailaren 27ra arte bisitatu ahalko da Pompeloko Civivoxean, astelehenetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!