Lazkao, Idiazabal eta Beasain artean 900 biztanle inguruko herri bat dago: Olaberria. Eta egun ere, bertako edozein biztanleri galdetuta zer gertatu zen herrian 1936 eta 1945 urteen artean, ziurrenik bi hitz etorriko zaizkie gehienei burura: “Eraman zutela”.
Deñe Garcia-Bravo (Azpeitia, 2003) eta Mikel Balerdik (Olaberria, 2003) ez zuten garai hura bizi, baina gertutik jarraitu dituzte urratsak eta egin dute atzera begirako bidea. ‘Eraman zutela’ izeneko dokumentala ondu dute biek, eta bihar arratsaldeko 19:30ean pantailaratuko dute Kondestablean; ondotik solasaldia izanen da Josu Chueca historialariaren eskutik.
Marcelo Lasa Zeberio Olaberriako bizilagunaren istorioa kontatzen du lanak. 1936ko abuztuaren 25ean hil zuten, 17 urte zituela, Lizarrusti gainean, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan.
Dokumentalean jaso bezala, garai hartan, galdera asko eta erantzun gutxi zituzten herritarrek. “Testigantzetan fijatzen hasi ginen eta denak berdin hasten ziren”, azaldu du Garcia-Bravok. Bi hitzekin hasten ziren: “eraman zutela”. Nork, non eta zergatik ordea, askoren buruan iltzatutako galderak izan dira urte luzez. Hitz horiek gaur egunera ere ekarri nahi izan dituzte eta memoria ariketa egiteaz gain, gazteengana gerturatzea eta kontzientzia zabaltzea ere izan dute helburu.
Orain, aldiz, Martzeloren iloba batek hasitako ikerketarekin eta Patxi Lakunzaren testigantzarekin, Olaberriako herriak bilatu ditu erantzunak. Olargi memoria taldearen eskutik eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz lurperatutako lekua aurkitu eta atzerako bideari soinua eta irudiak jartzeari ekin zioten Garcia-Bravok eta Balerdik.