Beti Onak taldea bere izenari jaramon egiten ari zaio azkenaldian. Iazko Kopan azpitxapeldun izan zen, eta denboraldi honetan Europa mailako eskubaloiaz gozatzen ari da. Orain arte bi kanporaketa gainditu ditu EHF European Cup txapelketan, eta urtarrilean final zortzirenak jokatuko ditu. Horrez gain, Ligan ere gauzak oso ondo ari zaizkio ateratzen. Izan ere, lehen 11 partiden ostean, Atarrabiakoak bosgarren daude sailkapenean, 6 garaipen eta 11 puntu lortuta.
Orain atseden hartzen ari dira, selekzioen partiden garaia baita, eta abenduaren 17an itzuliko dira lehiara. Bada, geldialdia probestuz, aste honetako saioan Laida Urbitarte jokalariarekin hitz egin dugu. Taldearen aro arrakastatsuaren gakoak aletu dizkigu, eta itxaropentsu agertu da datozen hilabeteei begira.