"Libertimenduetan arau propioak eraikitzen dira, espazioaz jabetzeko, mundua deskribatzeko eta ahalduntzeko"

Bidane Beloki Ezker 2025eko azaroaren 24a

'Libertimenduak: gazteak, komunitatea, ahotsa' izeneko jardunaldia antolatu dute ostiralean Iruñean, Pinaquy aretoan. Egun osoko egitaratua prestatu dute, goizeko 9:30etatik aitzina, arratsaldeko 19:00ak bitarte. Samara Veltek eta Iñaki Sagardoik hiru urte luzez ikertu dute gaia, eta ondorioak plazaratuko dituzte, eztabaida-solasetan.

Samara Velte EHUko ikerlaria da eta Iñaki Sagardoi NUPekoa, eta elkarrekin, ikerlari talde batek lagunduta, libertimenduak izan dituzte aztergai azken hiru urteetan. Eta arakatutakoaren ondorioak plazaratzeko jardunaldia antolatu dute: 'Libertimendua: gazteak, komunitatea, ahotsa'.

Velterentzat libertimendua “urteko gertakizunen komentario kolektibo bat” da; “trapuak garbitzen dituzte plazan”, gaineratu du Sagardoik. Ikertzaile bezala, “interesatzen zitzaigun aztertzea horrelako praktika kultural bat sortzen denean eta gainera ikusten dugunean oso ondo funtzionatzen duela, arrakasta daukala, eta gainera euskaraz funtzionatzen duela. Guk ikertu nahi genuen horren atzean zer zegoen”, azaldu du Veltek.

“Komunitatea trinkotzera heldu dira” dio Sagardoik eta aitortu du Veltek: “ez da inor konbentzitu behar parte hartzeko, jendeak nahi du”. “Aho beroek esaten dute egungo gazteek ez dutela konpromisorik hartzen eta libertimendua heldu da hori kontrajartzera”, azaldu du NUPeko ikerlariak.

Behin behineko ondorioak plazaratuko dituzte ostiralean eta parte hartu dutenei eta Sagardoik azpimarratu bezala, “itzulpen bat egin nahi diegu”. Bidean burua gehiegi ez ote duten galdu ikusteko balioko diela ariketak uste du Sagardoik.

Bertaratzeko izena eman behar da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!