Hazitegia euskara sustatzea helburu duten egitasmo berriak bultzatzeko bekak dira. Labak zabaldu duen bide berriaren nobedadeetako bat da eta beka honen bitartez, besteak beste, aholkularitza, bidelaguntza eta espazioa uzteaz gain, 1.000€-ko diru-poltsa eskainiko die bi proiektu hautatuei. Horietako bat Arrotxapeko libertimendua izango da.
Amets Aznarez Arrotxapeko auzokideak parte hartuko du proiektuan, zehazki, musikarien lantaldean. Eskertuta daude jasotako bekarekin eta bereziki, hasieran materialak erosteko behar duten inbertsiora bideratuko dute saria. "Errekonozimendu ekonomiko bat izatea hasteko dena benetan martxan jartzeko, kristorena izan da eta oso eskertuta gaude", aitortu du Aznarezek.
"Aspaldi ginen proiektuari nola heldu eta nola egin burutan", eta Labari esker lortuko dute. Otsailaren 7ra arte itxaron beharko dugu libertimendua plazan ikusteko eta ez da nolanahiko data izango: "Pixka bat beef moduan ere planteatu dugu Iruinkokoarekiko. Haiek igandean planteatzen dute eta guk langile klaseko auzo bat izanda, igandea libre eta aste bat lehenago, larunbatean, egingo dugu".
Hala ere, "Iruinkokoaren oinordeko" izango da Arrotxapeko libertimendua. Izan ere, hasierako talde motorrean eta gerora sortutako lan taldeetan ere, Iruñerriko inauterian izandakoak daude. "Auzoko eragile ezberdinek azken urteetan egin dugu hausnarketa eta auzoetan egiten diren inauteriak txikiei zuzenduta daude", azaldu du Aznarezek. "Falta sumatzen genuen" eta gazteek gazteentzako egindako inauteria sortuko dute aurten.
Dagoeneko lanean hasi diren arren, parte hartzera irekita daude lan talde gehienak, bereziki musikarienak. Informazioa sare sozialen bitartez partekatuko dute eta aurrerago zehaztuko dute libertimendua hartuko duen plazaren kokapena.