Espainiako polizia eta eskuin muturraren biktimak aitortzeko bidea zabalik da Nafarroan. Besteak beste, Nafarroako Torturatuen Sareak erreparazioari heltzeko bidean, torturari buruzko nazioarteko konferentziak antolatzen ditu. Gaur hasiko da nazioarteko laugarren konferentzia. “Inpunitatea: Erreparaziorik ezaren eta errepikapenaren bermea" lemapean abiatuko dute gaur konferentzia.
Nafarroako Torturatuen Sareko Mikel Sotok gaia mahai gainean jartzearen garrantzia azpimarratu du. Errelato publiko baten beharraz mintzatu da Soto: “Euskal Herrian ere lege antiterrorista pean egindako torturak eten egin dira duela jada hamar urtetik gora. Zer gertatzen da? Makineria guztia martxan dagoela eta batez ere, oraindik ez dagoela errelato publiko bat gertatu zenari buruz”. “Ez dakigu zer gertatu zen, nork agindu zuen, zertarako”, gaineratu du Sotok eta hori argitzeko lan egiten du Torturatuen Sareak; “bestela, bihar egoera aldatzen baldin bada, berriro gertatuko zaio beste norbaiti”.
Irailean egin zuen Foru Gobernuak biktimen azken aitortza. 84 pertsona dira jada orain arte Foru Lege horren esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak. Momentuz, Mikel Soto ez dago biktimatzat aitortua. Halere, abiatu du aitortza jasotzeko prozesua. “Niri gertatu zitzaidana gertatu zait eta hori ez dago atzera bueltatzerik”, hartara, erreparazioak sinbolikoa izan behar duela iritzi dio Sotok.
“Egia da urrats batzuk eman behar dituzula horrek onarpen bat izan dezan eta horietako urrats batzuk mingarriak dira”, aitortu du Sotok. Bizitzako une zenbaitetan egunero pentsatu izan du torturan, orain, “ez da egunero pentsatzen dudan zerbait, baina nahi baino gehiagotan akordatzen naiz”. Testigantza emateko ariketa aurrera urratsak emateko ezinbestekoa dela badaki Sotok, baina “mila aldiz hitz egin duzu eta badakizu horren ostean, ez dela bakarrik ez dela egun on bat izango, baizik eta batzuetan bolada txar bat izango duzula”. Zorionez, bidean, Torturatuen Sareak babesa eta segurtasuna bermatzen ahalegintzen da.
Inpunitatea, nazioartetik Euskal Herrira
Palestinan sufritzen ari diren egoera ikusarazi eta jazarpena salatzeko ere baliatuko dute gaurko hitzordua. Izan ere, tortura ez baita amaitu eta jazarpen mekanismoak errepikatzen dira munduan zehar. Hartara, Sotoren iritziz, ezinbestekoa da inpunitateaz aritzea.
Eta hain zuzen, bi aditu eta arituren eskutik torturari eta inpunitateari erreparatuko diote gaur konferentzian. Nazioarteko markoan Ipar Irlandako John Finucaneren eskutik eta Euskal Herriko ikuspegi batetik, Iñigo Iruin abokatuarekin.
Arratsaldeko 18:00etan Iruñeko Medikuen Elkargoan izango da konferentzia. Eta igandean, azaroaren 9an, adierazpen artistikoei tartea zabalduko diete eta hiru antzezlan taularatuko dituzte Torturatuen Sareko hiru kidek bizitakoa ardatz.