Ines Castiella: "Irakurri duzuna beste pertsona batzuekin partekatzea beti da aberasgarria”

Bidane Beloki Ezker 2025eko urriaren 22a

Nafarroako liburutegiek antolatuta Irakurketa Kluben XIII. topaketa egingo dute azaroaren 15etik 22ra bitartean. Dagoeneko izen emateko epea zabalik da. Ines Castiella Nafar Ateneoko kide eta topaketen antolatzailea Irrintzi Plazan izan da topaketen xehetasunak argitzen. “Sarean dauden eta ez dauden edozein irakurle talderentzako gonbidapena da”, aitortu du antolatzaileak.

Hamaika talde biltzen dira hilean behin Nafarroa osoan zehar eta topaketak elkar ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, ikasteko bestelako proposamenak ere planteatzen ditu: tailerrak, solasaldiak eta errezitaldiak.

Bi emakume omenduko dituzte aurten: azaroaren 22an euskarazko jardunaldietan Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolaria omenduko dute eta Carmen Martin Gaite azaroaren 15ean gaztelaniazko topaketan. Urtean zehar, hilabetero-hilabetero liburu baten bueltan hitz egiteko elkartzen gara, baina kasu honetan polita da idazlearekin, Ibarzabalekin ‘Bar gloria’ liburuaz hitz egiteko aukera izatea”, azaldu du Castiellak.

Irakurketa Kluben Topaketa antolatzen den hamahirugarren aldia den arren, euskaraz egiten den hirugarrena da. Hartara, Castiellak parte hartzeko deia luzatu du. Izan ere, “zorionez badaude euskal literaturan emakume asko. Datozen belaunaldi gazteak ere gauza oso politak eta interesgarriak idazten ari  dira”.

Aldez aurretik izen-ematea beharrezkoa da.

Euskarazko egitaratua

  • Azaroak 20, osteguna, Olaztiko Liburutegia 
    • 18:00 “Paragrafo eta ahapaldietatik haratago: ilustrazioa eta soinu-paisaiak” tailerra, Belatz
      eta Iñigo Pimoulierekin. Eman izena liburutegian berean, aldez aurretik. 
  • Azaroak 22, larunbata, Nafarroako Liburutegia
    • 10:30 Euskarazko jardunaldirako akreditazioak.
    • 11:00 Nerea Ibarzabalen eta Irati Majueloren arteko solasaldia.
    • 12:45 Biharraren hegietan errezital poetikoa Martin Bidaur eta Maddi Sarasuarekin.
    • 13:30 Aperitiboa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!