Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolak hirugarren aldiz antolatu du Nafarroa Oinez festa. Buruz, bihotzez, oinez lelopean, 2,8 kilometroko ibilbidea izango du, hiru gunetan banatuta. Ikastolan, Atarrabiako plazan eta Uharten kokatuta egongo dira eta bertan hamarnaka ekitaldi antolatu dituzte: erronka, kale animazioa, haurrentzako jolasak eta Gozategi, Sorotan Bele edo Nafarroa 1512 taldeen kontzertuak, besteak beste.
Jaia hasi baino ordu batzuk lehenago Metropoli Forala saio berezia egin dugu Paz de Ziganda ikastolatik. Urduri eta gogotsu aurkitu ditugu ikastolako langile, irakasle eta ikasleak. Euskalerria Irratiko mikroetatik pasa dira Iñaki Erroz ikastolako zuzendaria, Igor Martinez kantuaren egilea, Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko burua, Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea edota Marta Igoa Oinez eguneko arduraduna. Ikasleak, irakasleak, gurasoak eta ikasle ohiak ere izan ditugu.